REE (Red Eléctrica de España) enpresak Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa) artean eraiki nahi duen goi tentsioko linea ez egiteko eskatu dute hainbat kirolarik. Tartean dira, besteak beste, Itxako eskubaloi taldeko Andrea Barno, Nerea Pena eta Naiara Egozkue; eta Oinatz Bengoetxea, Aitor Zubieta eta Juan Martinez de Irujo pilotariak, baita Mikel Nieve txirrindularia ere.
"Natura maite dugu, gure herrien garapenarekin konprometituta gaude", adierazi zuten atzo egindako agerraldian.
Linea berriak 120 kilometro luze izango lituzke, eta 400.000 voltioko indarra garraiatuko luke. Iazko abenduan, Ehun udalek goi tentsioko linearen aurkako mozioa onartu zuten. Autopista Elektrikorik Ez plataforman bildutako hautetsiek uste dute ingurumen eta paisaia ikuspegitik proiektua "onartezina" dela. Aldiz, REE enpresak dio AHTren eta eolikoen garapenerako goi tentsioko linea hori ezinbestekoa dela.
Ekainaren 23an proiektuaren aurkako elkarretaratzeak egingo dira Altsasun, Leitzan, Lizarran, Ororbian eta Seguran; eta uztailaren 1ean mendi martxa tematiko-informatiboa egingo da Olazti eta Altsasu artean.