argia.eus
INPRIMATU
Goi-tentsioko beste linea bat egingo dute Nafarroan, Erriberritik Castejoneraino
  • Forestalia enpresak Nafarroan beste poligono eoliko bat eraikiko duela jakinarazi du Sustrai Erakuntza Fundazioak. Nafarroari eragiten dioten goi-tentsioko bi linea ere baditu enpresa honek.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko abenduaren 27a
Argazkia: Técnica Industrial

Fundazioaren esanetan, orain ezagutu den proiektuarekin, Forestaliak Zaragozako hainbat eguzki eta eoliko parkeetan sortutako energia Castejonera eramango litzateke. Aldez aurretik ere ezagunak ziren enpresa honek dituen beste bi proiektu. Batetik, Ejea de los Caballeros (Zaragoza) inguruetatik Gasteizko eta Gatikako azpiestazioetaraino doan goi-tentsioko linea, hurrenez hurren 179 kilometrokoa eta 267 kilometrokoa. Bestetik, Tuestetik (Zaragoza) Gasteizera eta Miranda de Ebrora (Burgos) doana, hurrenez hurren 200 eta 220 kilometrokoa.

Proiektu berria Uncastillo (Zaragoza) inguruetan Forestaliak eraiki nahi dituen parke eoliko andana da: Keneo, Kaori, Kari, Kasumi, Keiko eta Kirin, eta guztien artean 252,83 megawatteko potentzia dute. Horietan sortutako elektrizitatea Castejonera eramango litzateke, aldez aurretik aipatu dugun goi-tentsioko lineak, Hego Euskal Herri osoa zeharkatuko lukeena, hego-ekialdetik ipar-mendebalderaino.

Goi-tentsioko linea hori Zarrakaztelutik sartuko litzateke Nafarroara eta gero zeharkatuko lituzke Kaseda, Galipentzu, Murillo el Fruto, Uxue, Pitillas, Beire eta Erriberri. Ondoren iparrera jo eta Araban barna abiatuko litzateke. Herriberrin dago goi-tentsioko lineen lotunea eta lehentxeago aipatutakoak Arabarantz joten duen moduan, berri honek –400 kilowatteko potentzia eta 38 kilometro– hegoaldera egingo luke, Castejonerantz.