Seguruenik, ezaguna da Eduardo Galeanoren sukaldariari buruzko ipuin polit hori: sukaldariak etxaldeko hegaztiak (oiloak, ahateak, indioilarrak etab.) bilarazi zituen eta galdetu zien zein saltsarekin nahiago zuten janak izatea. “Ez dugu jan gaitzaten nahi, edozein modutan dela ere” erantzun zion oilo batek. Sukaldariak erantzun zion hori ez zela baliozko erantzuna, kozinatuak izango zirelako, beraiek nahi edo ez.
Horrelako zerbait da Red Eléctrica Españolak, %20an soilik publikoa den erakundeak, Gatikako eta inguruko auzotar eta udaletxeei iragarri diena: Bizkaiko golkotik, Espainia eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoaren proiektua egingo dela, bai ala bai.
Interkonexio hori, Bordele inguruko herri batetik Lemoiz inguruko euskal kostalderaino ur-azpiko kable bat ekartzean datza. Bertan, inoiz erabiliak izan ez diren, eta zentral nuklearra eraiki zenetik hor dauden lineen azpiegitura eta trazadura, ahalik eta gehien probestuko lirateke.
Frantziatik letorkeen korrontea zuzena izango litzatekeenez, alternora transformatu beharko litzateke Gatikan egingo litzatekeen estazio transformadore batean. Estazio horrek 20m-ko altuerako bi eraikin izango lituzke, hau da, gutxi gora behera, 8 solairuko bi eraikin.
Proiektua defendatzean ziurtatzen dute “alde batekoen zein bestekoen truke beharrak gero eta handiagoak direla”. Red Eléctricak proiektua dotoretu egiten du europar energiaren eskuragarritasunaren hobekuntzaren, efizientzia handiagoaren, prezioen merkatzearen, eta energia berriztagarrien probetxua handiago izango delakoaren narratibekin. Proiektua interes komunekoa dela esaten dutenez, eta gardentasun berme guztiekin eta herritarren parte hartzearekin egitea nahi dutenez, kontsulten fasean dago orain eta denbora eman digute era guztietako proposamen eta alegazioak egiteko. Hau da, saltsa, kozinatzeko modua, erabakitzen utziko omen digute; baina ez proiektua bera. Galeanoren ipuinean gertatzen den legez, hori ez da eztabaidagarri.
Hala ere, proiektu horren aurkako Gatikako plataformatik, gu kozinatu gaitzatenaren aurka gaude. Proiektuaren beraren aurka gaude eta aurka egotearen zenbait arrazoi eman nahi ditugu, horien artean, beharrezkoa ez delako, oso garestia delako eta kaltegarria delako.
Proiektu hori ez da beharrezkoa Espainia eta Frantziaren gaitasun elektrikoa soberakinduna delako. Frantziarena bere kontsumo maximoa 1,6 aldiz da; eta Espainiakoa 2,6 aldiz handiagoa, hein batean, beraien kostua oso handia izanagatik, gaur egun geldirik dauden ziklo konbinatuko zentral handiak eraiki zirelako. Horretaz gain, Espainiako kontsumoa %11 jaitsi zen 2008-2014 aldian. Eta hori gutxi balitz, bada Frantzia-Espainia interkonexioa jada, eta nahikoa baino gehiago, izan ere, 3,7GWera iristen da eta ez dira guztiz erabiltzen.
Azkenik, baina oso garrantzitsua hala ere, proiektu hori ez da beharrezkoa zaharkitua dagoelako eta alternatibak badaudelako. Gaur egun, biltegiratze-elektrikoaren eta eskariaren kudeaketaren sistemak erabilera urria izango duten azpiegitura handi eta garestiak baino alternatiba interesgarriagoa eta merkeagoa izaten hasi dira gero eta gehiago.
Proiektuaren alderdi negatibo guztiak azaldu ostean, edonork galdetuko luke proiektua bera beharrezkoa den. Uste dugu helburu bakarra espainiar energia operadoreen irabazi ekonomikoak direla; Frantzian erositako energia nuklear merkea Espainian garestiago saltzea ahalbideratuko liekeelako
Bigarrenik, proiektua zergadunentzako ikaragarri garestia da. Izan ere, nahiz eta europar guztiok garen diruz lagunduko diogunak, aurrekontuan jasotakoaren arabera, 1.800 milioi euroko kostua izango luke. Zenbateko horri baina, gehitu behar zaizkio izan ditzakeen, edo izango dituen, aurrekontu desbideratzeak; beste dozenaka proiektu erraldoietan gertatu den bezala. Hori guztia, behar ez diren 2 GW soilik lortzeko.
Hirugarrenik, proiektua kaltegarria da osasunarentzat eta ingurumenarentzat. Kaltegarria da osasunarentzat goi tentsioko (400KV) lineek, lurrazpikoek zein airekoek, kutsadura elektromagnetiko handia sortzen dutelako: Horrek, minbizia, migrainak, ugalkortasun arazoak, lo arazoak, alergiak etab. bezalako ondorio posibleak ditu; ikerketa independenteetan frogatu duten moduan, tartean Osasunaren Munduko Erakundearenak. Gainera, kutsadura akustiko handia ere, sortzen dute. Ingurumenari dagokionean, eragina paisaian eta fauna izaten da, goi tentsioko lineek beraien inguruan landaredirik gabeko espazio zabal handiak mantentzea eskatzen baitute. Horrek, abeltzaintza eta turismoan ere eragiten du tokiko onurarik ekarri gabe. Kablea murgildu behar litzatekeen itsas aldean ere, arrantzurako kalteak handiak direla ustea da.
Eta, arreta gure herrian jarrita, Gatikako subestazioaren ondoan, tamaina handiko konbertsio estazio berri bat ikusiko genuke. Bertan, korronte zuzena korronte alterno transformatuko lukete, eta horrek, zarata oso desatsegin handia eta ozena sortuko luke.
Beraz, proiektuaren alderdi negatibo guztiak azaldu ostean, edonork galdetuko luke proiektua bera beharrezkoa den. Uste dugu helburu bakarra espainiar energia operadoreen irabazi ekonomikoak direla; Frantzian erositako energia nuklear merkea Espainian garestiago saltzea ahalbideratuko liekeelako. Horrez gain, horrelako megaproiektuak, segur aski zerga gutxien ordaintzen diren estatuetan ezarriko den energiaren erraldoi europar bat sortzearen logikaren barnean daude. Horrek, gure elektrizitatearen zerbitzu publikoa ahuldu edota desegingo du, eta “energiaren garraiolari rolarekin” kontentatuko da soilik.
Kontuan izan behar da ere, proiektua defendatzen dutenek energia merkeagoa izango dugula dioten arren, alderantzizkoa gerta daitekeela. Izan ere, Frantzia bere zentral nuklearrak ixten hasten den heinean, espainiar energia inportatu beharko du, eta horrek, azken batean, ordaintzen dugun prezioaren gorakada baino ez du ekarriko. Gainera, uste dugu, energia elektrikoa merkatzeko erarik errazena enpresa elektrikoek KW/h-aren prezioa jaistea dela; mundu guztiak dakien moduan, gaur egun justifikaezina eta gehiegizkoa dena. Eta horretarako ez da proiektu erraldoien beharrik. Azken batean, energia garestitzen baitute.
Gastu eta kalte horiek guztiak, osasunerako gastu publikoa, hezkuntza eta pentsioak gehiegizkoak direla dioten austeritate politikak inposatzen dizkiguten aldi berean.Hasieran genioen bezala, kozinatu nahi gaituzte, eta demokrata plantak egitearren, saltsa baino ez digute aukeratzen uzten.
Gatikako udalak aho betez adierazi du proiektu honen bere aurkako jarrera eta abenduaren 27an Gatikako plataforma honek 6800 alegazio aurkeztu zituen proiektuaren aurka. Hau da, ez dugu nahi beraien goi tentsioarekin kozinatu gaitzaten
Mikel Casado
(Gatikako autopista elektrikoaren kontrako herri plataformako kidea)