Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak egin duen azken ikerketak agerian utzi du nesken eta mutilen ikasketa hautua genero-estereotipoek baldintzatzen dutela, eurak ez konturatu arren. Aitzitik, neska-mutilen esanetan gustuek baldintzatzen dute behin batxilergoa amaituta goi-mailako ikasketen aukeraketa eta “aukera-berdintasuneko baldintzetan” egiten dute.
Neska eta mutil gehienak ez dira ohartzen ikasketak aukeratzeko garaian genero-estereotipoek daukaten pisuaz eta beren ibilbide profesionalean horrek sortzen dituen ondorioez.
Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak ikasketen aukeraketaren inguruan lan egitearen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, generoaren arabera erabakitzeak desberdintasunak areagotzen dituela dio, bai produkzioaren bai erreprodukzioaren esparruetan.
Horregatik azpimarratu du nesken kasuan enplegua “eskubide eta betekizun indibidual gisa” aurkeztu behar zaiela, burujabetza ekonomikotik abiatuta burujabetza pertsonala lortzeko. Ordea, mutilei etxeko lanetan eta familia-arduretan “erantzukidetasunez” jokatzeko beharra nabarmentzea funtsezkotzat jo du Landaidak, garrantzitsua baita “ikasleek bere egitea produkzio-jardueren bermea erreprodukzio-jarduerak direlako ideia, oraindik batez ere emakumeak arduratzen direlako horiez. Emakumeek lan-, politika, gizarte- eta kultura-bizitzan baldintza berdinetan parte hartzea nahi badute, pertsonen zaintza eta etxeko lanak partekatzea ezinbestekoa dela ohartu behar dira”.