argia.eus
INPRIMATU
Errekaleorrek 10 urte
“Gogoz eta indartsu heldu gara 10. urteurreneko ospakizunera"
  • 2013ko irailaren 3an Gasteizko aldirietako Errekaleor auzoko 26. ataria okupatu zuten Gasteizko EHUren campuseko zenbait ikaslek. Hilabete amaieran ospatuko dute urteurren borobila, talde entzutetsuen kontzertuekin, besteak beste. Hamarkada oso baten gazi-gozoez, Urtaranen mehatxuez eta alkate berriaz espero dutenaz, edo urteurreneko ospakizunen helburuez hitz egin dugu Xanti Hidalgo Gereñurekin, Errekaleor auzo okupatuko bizilaguna eta komunikazio lantaldeko kidea.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko irailaren 13a
Argazkia: Errekaleor Bizirik

"Duela hamar urte ikasle gutxi batzuen ametsa zena egun oso errotuta dago Gasteizen", laburbildu du hamarkada Xanti Hidalgok. "Euskal Herri mailan ere bilakatu da erreferente", gaineratu du jarraian. Eta errotze horren sekretuetako bat seinalatu du: 2013az geroztik ehunka dira Errekaleor bizitokitzat hartu duten pertsonak, eta "milaka" proiektuan modu batera edo bestera parte hartu dutenak.

Eginak eta ezinak

Hamarkada honetako lorpen eta gabezia nagusiak aletzeko eskatu diogu Hidalgori. Elementu positiboen artean, Gasteizko Udalaren eraso ugariei eman dieten erantzuna aipatzen du lehenik. Gogoratu du 2002tik aurrera udalak eremuarentzako plan bat aurkeztu eta auzokideak auzotik irtenarazten hasi zela, etxebizitzak ez zirela seguruak argudiatuta, eta nola aurkeztu duten aurten bertan txosten tekniko bat, kontrakoa frogatzen duena. 2017an Ertzaintzak auzoa okupatu eta udalaren aginduz argindarra moztu zietenean, aldiz, burujabetzaren bidetik jo, diru-bilketa herrikoi batean 100.000 euro lortu, eta ordutik "irla energetikoa" da auzoa. EHUko ikerketa batek berretsi du aurten, hain zuzen ere, Errekaleorreko bizi eredu komunitarioak –ez kontraesanik gabe– energia kontsumoaren murrizketan inpaktu positiboa duela.

Erasoetatik eta horiei emandako erantzunetatik harago, proiektuan euskarari ematen zaion garrantziaz eta horrek duen "presentzia handiaz" pozik agertu da Hidalgo, "euskararen irla bat gara". Errekaleorrek gasteiztar guztiei zuzentzen dien eskaintza zabala azpimarratu du azkenik: ekimen kultural eta politiko ugari eta askotarikoak, herri gimnasioa, edo 100 pertsona baino gehiagoren parte hartzea duten baratze komunitarioak.

Irla izan nahi, baina nahi baino gehiagotan gizartearen “isla” direla aitortu du. Baina gizartearen gehiengoan ez bezala, auzoan saiatzen dira hori ekiditeko bitartekoak garatzen, eta “akatsetatik ikasten”

Gabezien artean bi nabarmendu ditu Errekaleor Bizirik-eko kideak. Batetik, instituzio, alderdi edo komunikabideen eraso jarraituen ondorioz "etengabe jarrera defentsiboan" aritu beharra eta horrek dakartzan ondorio kaltegarriak zein higadura. Bestetik, hausnartu du, "saiatzen gara kapitalismotik at gure bizitzak eraikitzen... baina ze zaila den". Irla izan nahi, baina nahi baino gehiagotan gizartearen "isla" direla aitortu du, arazo eta jarrera berdinak erreproduzitzen direla auzoan. Baina gizartearen gehiengoan ez bezala, auzoan saiatzen dira horiek ekiditeko bitartekoak garatzen, eta "akatsetatik ikasten.

Bisitarako gonbita alkate berriari

Bi legegintzalditan Gasteizko alkate izan zen Gorka Urtaran jelkideak gogor egin du Errekaleorren aurka azken urteotan, hainbatetan ziurtatu du lehenago edo beranduago baina bai ala bai lurrarekin berdinduko zuela hiriaren aldirietako auzoa. Baina joan zen Urtaran, eta Errekaleor ez. Iragan maiatzeko udal hauteskundeen ostean, PSEko Maider Etxebarriak eskuratu du alkatetza (EH Bilduren garaipen historikoaren ondoren). Alkatetza EAJtik PSEra pasa da, baina udal gobernuak PSE-EAJ koalizioaren esku jarraitzen du. Espero al dute inongo aldaketarik udalaren aldetik? Helarazi die alkate berriak ezer?

Joan zen Urtaran, eta Errekaleor ez. Iragan maiatzeko udal hauteskundeen ostean, PSEko Maider Etxebarriak eskuratu du alkatetza

"Dakigun bakarra da elkarrizketa batean Maider Etxebarriak adierazitakoa, okupazioaren aurka dagoela", dio Hidalgok. Gogoratu du Urtaranekin hasiera batean "elkarrizketa marko" bat adostu zutela –alkate zena auzora bertara hurbildu zen inoiz bilera egiteko–, baina ondoren "moztea" erabaki zuela. Urtaranek gezur ugari zabaldu dituela iritzita, Etxeberria gonbidatu dute auzoa ezagutarazteko antolatzen dituzten bisita gidatuetako batera bertaratzera –"berarentzako bisita bat propio antolatu dezakegu nahiago badu"– proiektua zuzenean ezagutu dezan.

Ospatu, aldarrikatu, eskertu

Lortutakoa eta lortzeke dagoena borrokatzeko grinez daude Errekaleorren: "Une gozoagoak eta mikatzagoak izan ditugu, normala denez, baina egun gogotsu eta indartsu gaude, esperientziatik ikasi dugu, eta hobetzeko asmoz jarraitzen dugu". Irailaren 29rako eta 30erako egitarau mardula osatu dute horretarako. Kontzertuak iragarri dituzte soilik orain arte, baina larunbatean egun osoa bertan gozatzeko moduko egitaraua egongo dela aurreratu digu Hidalgok. Hiru helburu dituzte asteburu horretarako: ospatu –"hamar urte betetzea ez da erraza izan"–, proiektua aldarrikatu, eta "Gasteiztarrei eta babesa eman diguten guztiei eskerrak eman".

Hiru helburu ditu urteurren jaiak: ospatu –“hamar urte betetzea ez da erraza izan”–, proiektua aldarrikatu, eta “Gasteiztarrei eta babesa eman diguten guztiei eskerrak eman"

Ospakizuna handia izango dela ematen du. Baina ez zaie komeni indar guztiak bertan xahutzea, urriaren 21ean aldarrikapen eta jai egun berri bat baitago aurreikusita Gasteizen: ikasturte honetan orotara 100 urte betetzen dituzte Sumendi espazio autogestionatuak, Auzolana pilotalekuak, Gasteizko Gaztetxeak, Hala Bedik eta Errekaleorrek berak, eta elkarrekin ospatuko dute.