argia.eus
INPRIMATU
Gogoratzea, ekintza politiko gisa

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko abuztuaren 16a

Ezaguna dugu gurean Laura Benadiba argentinarra, Geronimo Uztariz historia institutuarekin duen harremana dela-eta. Besteak beste Nafarroan gaztetxoen eta haien aitona-amonen arteko ahozko transmisioa bultzatzeko proiektuan aritu da.

Liburu honetan, ahozko historiaren artxiboak sortzeko gida-lerroak emateaz gain, oroimen historikoaren funtzio sozialaz hausnartu eta herri mugimenduak euren iraganaz “jabetzeko” ariketa proposatzen du. Lan horretan ideologiek esku hartzen dute, eta elkarrizketa ekintza politiko bihurtzen da, kontakizun askatzaile bat.

Azken urteetan plazak okupatzen ari diren mugimenduei begira egindako gogoetak dira: oroimenaren bidez euren historia “barnetik” kontatu eta eraiki dezatela gaurtik hasita, botereak haien etorkizuna baldintzatu ez dezan. “Oinarri horretatik ez bagara abiatzen, orainarekin konprometituriko gazte eta militanteak beharrean, adoktrinaturiko helduak izango ditugu”, dio irakasleak.

FITXA

Nuestras voces en movimiento
Laura Benadiba

Pamiela, 2017