argia.eus
INPRIMATU
Gogoeta hariak, etxeko gozotik...
  • Lanera joateko ohetik altxatu eta irratia piztutakoan, esatariak iragar lezakeen balizko albiste batekin egin izan dut jolas, askotan: “Eta, etxetik ezin atera gaitezkeela iragarriko balute orain? Astebeterako adibidez?”. Etxean gozo, pijama jantzita, sarea, janaria eta irakurgaia aski badudala, a zer plazera! Jadanik gure Lehengo Bizitza deitu dezakegun horretan, gure bizimodu eroaren erritmo frenetikoari sekula geldialdirik ematen ez geniola-eta, kanpotik baizik etor ez lekigukeen etenaldi batekin egin behar amets, pentsa.

Ane Ablanedo Larrion 2020ko apirilaren 02a
Antton Olariaga

Albiste irreal bezain gertaezina iruditu izan zait beti, noski, eta horrexegatik nau, beharbada, tentatu eta iradoki. Bada, gauzak nola diren, entzun dut azkenean albistea –kontuz ibili beharra baitago bizitzari eskatzen diogunarekin, badakizue– eta, zer nahi duzue esatea, ez da izaten ari nik irudikatu bezala. Egunero dudalako zientzia fikziozko filma baten barruan esnatu izanaren sentsazioa, egunetik egunera irrealitate izaera nabarmenagoa duen errealitate batera. Eta zeharka, nire buruari galdera, benetan ari ote garen hau bizitzen, Oraingo Bizitza hau ere, benetakoa ote den.

Nire itxialdia gozoki daramat, aski etxezulo naizelako, nire buruaren nahikoa adiskide, eta bakardaderako entrenamendu apartak diren idazketa eta irakurketaren zalea. Baina hori ez da arazoa, ezin dudalako ahantzi dimentsio pertsonala gainditu egiten duela krisi honek, mundu kolapso baten aurrean gaudelako, aurreikusi ere ezin ditugun ondorioak izango dituena gure Hurrengo Bizitzan. Ziurgabetasuna sentitzen dut, ahulenak diren horiengatiko kezka, dena pasatakoan etorriko denaren zalantza eta, zergatik ez aitortu, beldurra.

Krisi guziek bezala, dena den, honek ere badu bere alderdi positiboa, eta horretan zerbait azpimarratzekotan, gure bizimoduaren oinarrian ezarri ditugun baloreak auzitan jartzeko ahalmena aipatuko nuke, bizitzaren gaineko gizakion ustezko kontrola kolokan jartzekoa, eta ongi egoteko benetan garrantzitsua denari buruz gogoeta eragitekoa. Hasteko, gure hauskortasuna agerian utzi du, eta hilkortasuna ezkutatzen eta ukatzen hain tematuta bizi den gizateria honentzat, harrokeria eta handi-uste sentimendua kolokan jartzeko aukera ezin hobea iruditzen zait. Hilkortasunak zaurgarri bilakatzen baikaitu, eta zaurgarri garela jakiteak, xume eta umil.

Gero, erritmo eta ekintza gehiegizkoaren mendekotasuna duen jendartea garela ikusteko eskaintzen digun aukera dago. Errendimendua ez jaistea, produktibo izaten segitzea, denborarik ez galtzea, horixe ematen du krisiaren bizipen honetan garrantzitsuena. Eta otoi, ez igorri gehiago, konfinamenduan ikus eta irakur daitezkeen film eta liburuen zerrendarik, ez diseinatu etxetik atera gabe egin daitezkeen aktibitateen zerrenda amaigaberik. Utz gaitzazue aspertzen, bai. Eta denbora hartzen, sentitzeko, pentsatzeko, egonean egoteko. Zer esanik ez, gure haur eta gaztetxoak. Irakasle adeitsuok, utz ditzagun gure tipiak lasai, balia dezatela aukera kozinatzen pixka bat ikasteko, etxeko elkarbizitza antolatzeko eta gozatzeko.

Eta euskaldun gisa dagokigunean, bada betikoa. Argi geratu dela gure herria bitan zatitzen duen muga behin ere ez dela desagertu, botere autonomiko gisa ulertzen den errealitaterik ez dela existitzen, okupazioak indarrean segitzen duela, eta asimilazio prozesuan  jauzi kualitatiboa aurrera egiteko baliatuko dutela bi estatu menderatzaileek aukera: kolonobirus bilakatuko dute koronabirusa. Kasu.