argia.eus
INPRIMATU
Gobernuek telefono lineak “pintxatuta” dituztela onartu du Vodafonek
  • Telefono konpainia britainiarrak onartu du bere sareak eta gainontzeko konpainienak ezkutuko mekanismoak dituztela, agentzia sekretuek sarean gauzatzen diren elkarrizketak entzun ahal izateko.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko ekainaren 12a
Herritarren zaintza masiboa egunero gertatzen dela aitortu du Vodafonek (argazkia: The Guardian).

The Guardian berripaper britainiarrak atera du argitara, gobernuek telefono-elkarrizketak eta erabiltzaileen datuak nola monitorizatzen dituzten azaltzeko Vodafonek atera berri duen txostenaren edukia. Konpainiako segurtasun eta pribatutasunaren arduradun Stephen Deadmanek baieztatu du zaintzako kanal horiek benetakoak direla eta sarbide zuzena existitzen dela.

Konpainiak azaldu duenez, fisikoki ezarritako kable batzuk daude operadoreen sareetara konektatuta eta horien bidez, agentzia sekretuek zuzenean entzun eta grabatu ditzakete elkarrizketak, zenbait kasutan baita erabiltzailea lokalizatu ere.

AEBetako Segurtasun Nazionalerako Agentziak (NSA ingelesezko sigletan) eta antzeko inteligentzia-agentziek eragin zituzten susmoak baieztatzen ditu albisteak. Vodafoneren arabera, hipotesi txarrenak bete dira.

Espioitza 29 herrialdetan

Vodafoneren arabera, ezkutuko mekanismoak aurki daitezke konpainiak lan egiten duen 29 herrialdeetan, tartean Espainiako eta Frantziako Estatuetan. Sei herrialdetan konpainiari sistema horiek instalatzera edo gobernuari horretarako baimena ematera behartu dituztela adierazi du enpresak; ez dute ordea herrialde horien izenik aipatu, bertako Vodafoneko langileak espetxeratuak izan daitezkeelakoan.

Egun, herrialde guztiek publiko egiten dituzte atzemandako dei eta mezuei buruzko datuak. Horiek erabiliz, The Guardianek ondorengo laburpen taula argitaratu du herrialdez-herrialde gobernuek aztertutako elkarrizketen zenbatekoekin:

Operadoreen egoitzetatik espiatzen da

Herritarren zaintza masiboa egunero gertatzen dela dio Vodafoneren txostenak, eta inteligentzia-agentziek arrastorik utzi gabe edo operadoreei beren jardunaren berri eman gabe zain ditzaketela herritarren elkarrizketak.

Lan hori ordea, operadoreen egoitzetatik egiten da argitaratutako informazioek dioetenez. Sarri askotan, operadoreetako langileak dira dei eta mezuak kontrolatzen aritzen direnak, baina erabat debekatuta dute gela horien barruan gertatzen denaz beste langile batzuekin hitz egitea, espetxe-zigor handiak jasan baitezakete bestela.