argia.eus
INPRIMATU
Gobernuaren aurka jotzeko herritarrek armak hartzea beharrezkoa izan daitekeela dio estatubatuarren herenak, inkesta baten arabera
  • Errepublikarren eta demokraten arteko polarizazioa eta krispazioa areagotzen ari dela eta hainbatentzat hauteskundeak ez zirela justuak izan ere erakusten du Chicagoko Unibertsitateko Politika Institutuaren azken inkestak.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 26a
Irudian, kapitolioaren aurkako erasoa.

Gobernuaren aurka jotzeko uneren batean laster herritarrek armak hartzea beharrezkoa izan daitekeela, hori da inkestatuen %28ak uste duena, tartean armen jabe diren %37ak. Errepublikarren artean, %35ak pentsatzen du horrela, eta demokraten artean, bostetik batek.

Gobernua ustela dela ere adierazi du askok. Hain justu, Joe Bidenek irabazitako hauteskundeen zilegitasuna ezbaian jartzen segitzen du herritarren zati batek. Inkesta honen arabera, %56ak hauteskundeak justuak izan zirela dioen arren, errepublikarren artean %33ak baino ez du hala pentsatzen.

Gizarte zatitua

Inkestaren beste ondorio bat da kontserbadoreen eta demokraten arteko zatiketa handitzen ari dela. Errepublikarren %70ak baino gehiagok eta demokraten %70ak baino gehiagok dio beste aldekoak matoiak direla, beren iritzi politikoa inposatu nahi dutenak. Gainera, erdiak uste du beste aldea ez dagoela politikaz ongi informatuta.

Chicagoko Unibertsitatearen inkesta hau maiatzean egin zen, 1.000 boto-emaile estatubatuar galdekatuta, eta akats tartea 3,53 puntukoa da, politikan espezializatuta dagoen The Hill egunkariak jaso duenez.