Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.
Genozida ez ezik, buruzagi autoritarioa ere bada Benjamin Netanyahu Israelgo presidentea, eta hori berresteko motiboak ematen ari da gau eta egun. Asteburuan Haaretz egunkariaren aurkako postura argia hartu du: ekonomikoki ito nahi du. Bi edizio ditu egunkariak, bata hebreeraz eta bestea ingelesez. Egunkari hori nazioartearentzat informazio-iturri da, gobernuaren hainbat joko zikin azaleratu dituelako.
Gobernuak aprobatu duen neurri berriarekin, diru publikoa jasotzen duen enpresa eta elkarte orok galarazita izango du publizitatea ipintzea Haaretz egunkarian, administrazio eta erakunde guztiek bertan behera utzi beharko dituzte harpidetza guztiak. Eta, horrez gain, instituzio publikoek ezingo dute hartu-emanik eduki egunkariarekin, kazetariei sarbidea ukatuko zaio hainbat lekutara, eta ezingo dute haien informazio-iturri izan.
Haaretz-eko zuzendariorde Noa Landauk mezu batean salatu du gertaturikoa, haien webguneko albistera lotura ezarri eta hedabideen sektoreari zuzendu zaio: "Isilik dauden ofizioko kideei esan nahi diet ez harritzeko zuen etxe atarira heltzen direnean gisa honetako zapalkuntzak".
Lehendik datorren seinalamendua
Haaretz egunkaria, Israelgo beste asko ez bezala, kritikoa da gobernua Palestinako lur okupatuetan eta Gazan egiten ari denarekin. Hainbat iritzigile eta analista dituzte kolonizazioa gaitzesten dutenak. Esaterako, su-eten negoziazioak "oztopatzea" leporatu izan diote Netanyahuri, baita hedabideei presio egitea eta hainbat informazio zentsuratzea ere. 2023ko urriaren 7an herritar israeldarrak tirokatu izana leporatu zion armada sionistari, Hamaseko kideak tartean zeudelakoan.
Jo-puntuan zuten lehendik, baina aurtengo urriaren hondarrean proposatu zuen Haaretz itotzea gobernuko Komunikazio ministro Shlomo Karhik. Ez kasualitatez: egunkariko editore Amos Schocken-ek Netanyahuren apartheid politikak salatu zituen Londresen emandako hitzaldi batean, eta Gazan gertatzen ari dena "bigarren Nakba" gisa definitu zuen. Horrez gain, seinalatu zuen Haaretz-eko langileak "terroristak" zirela Netanyahuren irudiko, iritzigileren batek esana zuelako "jardun terroristak" egiten dituela Israelgo Gobernuak.
Hitzaldia eman ondotik, egun gutxiren buruan heldu zen Israelgo Gobernuaren erantzuna: gutxienez bost ministeriok eten egin zituzten Haaretz-ekin zituzten harremanak, eta dei egin zieten herritarrei "egunkariari boikot" egitera. Israelgo Gobernua eta israeldarrak "deslegitimizatzen" ditu Haaretz-ek, ministerio horien arabera. Besteak beste, iraileko albiste hau zuten presente: nola sionistek bizileku-baimena eskaintzen dieten asilo-eskatzaileei palestinarrak erailtzearen truke.