argia.eus
INPRIMATU
“Gobernu paralelo bat legez kanpo” ezarri nahi izana leporatu dio Venezuelako armadak Guaidori
  • Maduro “zilegitasun osoz” presidente dela eta Guaidok bere burua behin-behineko presidente izendatzea gaitzetsi du Defentsa ministroak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 25a
Irudian, Vladimir Padrino Defentsa ministroa

Juan Guaido oposizioko eta Asanblada Nazionaleko buruak asteazkenean bere burua Venezuelako presidente izendatu ondoren, ikusteke zegoen zein norabide hartuko zuen  Venezuelako Armada Nazionalak (FANB). Jakitera eman dute euren ikuspuntua: “Legez kanpoko ekintzak erabiliz gobernu paralelo bat sortu nahi duena ez da inoiz presidente izango”. Hala, Vladimir Padrino Defentsa ministroak Nicolas Maduro presidentearen zilegitasuna onetsi du, hauteskunde “libre eta unibertsaletan” garaile izatea argudiatuz.

Armada Nazionalak egungo presidente Maduro defendatu eta Guaidok interes “ilunak” dituela esan du Padrinok: “Interes ilunen itzalpean inposatutako gobernari bat ez dugu sekula onartuko, eta are gutxiago indarkeriaz eta modu eskizofrenikoan jardun badu; ez du arrakastarik izango”.

Atzerriko herrialdeen esku-sartze “baldarrak”

Argi adierazi du Padrinok: “Ez gara atzerriko potentzia baten mende jarriko”. Atzerriko zenbait gobernuren esku-sartze “baldarrak” arbuiatu ditu FANBk, nazioarteko zuzenbidearen, herrien autodeterminazio eskubidearen eta batik bat, venezuelarren duintasunarentzako “iraingarriak” direlako.

Atzerriko herrialdeek Guaido defendatu izana “lotsagarria” dela esan dute, oposizioa “maltzurra” izaten ari dela eta. Estatu-kolpea izan dela eta herrialde demokratikoetako estatu-kolpe orok, biolentzia tarteko izanez gero, gaitzetsia izan beharko lukeela azpimarratu dute.