argia.eus
INPRIMATU
Gobernu eskuindarra izan liteke Andaluzian, 36 urteren ondoren
  • PP, Ciudadanos eta Vox alderdiek osatu dute gobernua. Moreno (PP) da Juntako presidente berria, eta Bosquet (C’s) parlamentukoa. PSOEk, 36 urteren ondoren, agintea utzi du.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko abenduaren 28a
Marta Bosquet parlamentuko presidentea aurrean, eta atzean Susana Diaz

Autonomia Erkidegoak sortu zirenetik, lehen aldiz ez du PSOEk Andaluzian gobernatuko. Ostegunean onartu zituzten Parlamentuko kide berriak: Marta Bosquet (C’s) abokatua izango da buru. Eta okerrik ezean, Juntako lan-taldea Juan Manuel Morenok (PP) gidatuko du –urte berriarekin batera onartuko da–. Hortaz, Espainiako Estatuko Autonomia Erkidegorik handiena denak, 36 urteren ondoren, PSOE buru ez duen gobernu bat izango du; gutxienez, datozen lau urteotan.

Abenduaren 2ko hauteskundeen ondoren, aurreikus zitekeen gertatu berri dena. PSOEren beherakada nabarmenak –bozkatuena izan zen arren– eta Vox alderdi ultraeskuindarraren 400.000 botoek, Andaluzian gobernu aldaketa gertatzeko ate asko ireki zituen. Eta are gehiago, PPren, Ciudadanosen eta Voxen botoen batura aski zen gobernua osatzeko. Aukera bakarra zegoen halakorik ez gertatzeko: PPk eta Ciudadanosek alderdi ultraeskuindarraren botoei ezezkoa ematea. Dena dela, botoak onartu bai, baina ikusteke dago Vox alderdiari eserlekurik esleituko ote dioten Juntan eta Parlamentuan.

Vox gobernuan

“Frankismoaren oinordekoak dira”, esan du Rafael Simancas kongresukide sozialistak, Vox alderdiari buruz. Begirada denak Andaluziako PP eta Ciudadanos alderdieetan jarriak daude, baina batik bat, presidente izango den Morenorengan. Voxen pentsaera ultraeskuindarrak praktikan jarriko ote diren ikusteke dago, baina sozialista andaluziarrek halakorik ez egitea eskatu diote PPri. Ciudadanosek, aldiz, proposamen berriak “entzuteko eta pentsatzeko” prest dagoela esan du, baina ez “lehendik adostutakoa kentzeko”.

Dena dela, itxaropentsu azaldu da Javier Ortega Smith, Voxeko idazkari nagusia: “Gure babesa eskatu dutenez, gurekin lan egin nahi duten seinale da: puntuz puntu negoziatuko dugu”.

Oposizioa

Ostegunean erabakitako Parlamentua, honela geratu da: PPko eta Ciudadanoseko bina kide, Voxeko bat –zazpitik bost ordezkari–, eta PSOEko bi. Beraz, eskuinaren nagusitasuna agerian geratu da. Oposizioa “trinkoa eta sendoa” izango dela esan du Susana Diaz Juntako presidente ohiak, eta keinua egin zion Adelante Andaluciari (Podemos), “ultraeskuinaren aurkako borrokara gehitzeko” eskatuz.