argia.eus
INPRIMATU
Goazen sustraira

Mikel Aramendi 2023ko urtarrilaren 30
PPko buru Alberto Núñez Feijóo, Bartzelonan / YouTube

Biziki asaldatu dira baten batzuk, Algeciraseko hilketaren harira edo, Feijook jaulki zuen kirtenkeria aditu dutenean: "Badira jainko baten izenean eta erlijio baten izenean hiltzen duten pertsonak; aldiz, guk, duela mende askotatik bere erlijioaren edo sinesmenen izenean hiltzen duen katolikorik edo kristaurik ez duzu ikusiko". DBHko edozein historia-azterketatan suspentsoa ekarriko luketen ateraldiak, tira.

Espainiako lehen ministro izan nahi duenaren ganoragabekeriagatik izan liteke. Postu horretan urteak eman zituen beste batek, Feijooren ezaguna ez ezik laguna ere izan behar duenak, esan ohi zuen Marca beste egunkaririk ez zuela irakurtzen. Eta litekeena da haren konpai honek ere halatsu egitea. Edo bestelako hedabide batzuei ere kasu egiten badie, arestian politikagintza ezustean utzi duen Jacinda Ardern-i buruz esan direnetan erreparatu ez izana. Edo aditu baditu ere, Christchurch-eko  hura zer izan zen gogoratu ezin izatea. Oraindik lau urte ez diren arren. Batzuen oroimena oso selektiboa izan daiteke.

Ezjakintasun-kontua ere izan liteke. Bere yatera gonbidatzen zuen Marcial haren nondik norakoak ez jakitea lortzen zuenak, nola jakingo du bada Joseph Kony nor den? Agian, Boko Haram esaten badiozu, entzunaren poderioz, zerbaiten aditzera izan dezake; baina LRA? Inon ez da aipatzen eta... Ez galdetu zergatik.

Edo hori guztia ondo baino hobeto dakienaren zinismo oportunista ere izan liteke. Alegia, jakinik "¡Viva Cristo Rey!" mekaguenka sarraskiak egin zituzten haien oinordekoa dela bera, halakoen aurrendariak izan ziren kristero mexikarren egungo jaraunsleekin lehian jarduteko keinua izan dela guztia.

Baina hori guztia baino esanguratsuagoa egiten zait niri Feijooren hitzen agertokia: Bartzelonako Círculo Ecuestre elkartea. "Klub esklusibo eta kosmopolita, non bazkideek ideiak eta interesak partekatzen baitituzte, eta aisia eta negozioa primeran uztartzen baitira", beren hitzetan. Nolako lekua, halako ideiak. Edo alderantziz, nahiago baduzu.

Ez da Feijoo bere erlijio/ideologiaren hilgarritasuna guztiz ahazteko kapaz den bakarra.