argia.eus
INPRIMATU
Goazen Pirietara, glaziarrak urtzera

Gorka Laurnaga 2023ko otsailaren 02a

Elurrak ebatsi banizkio / neria izango zen, / ez zuen alde egingo. / Bainan, honela / ez zen gehiago Pirinio izango… / eta nik… / Pirinioa nuen maite. Hala dio, edo antzeko zerbait, akaso euskal kulturako bertsorik ederrena denak: Joxean Artzeren Piriak Piri. Ez al gara gu, orain, Pirinioei bere elurrezko hegoak mozten ari? Ez al gara asteburuetako furgoneteo-pirineo aisialdiarekin, Ruper gore batek errango zuena egiten ari?: Hil ezazu maite duzun hori.

Ipar Globaleko klase ertainen turismo fosilfriendlyak gora egin duen modu beretik egin dute behera Pirinioetako elurrek. 1950ean 25 milioi bidaia turistiko egon ziren munduan, aldiz, 2018an 1.400 milioi izan ziren. XIX. mende erdialdean 247 hektarea glaziarrek zeharkatzen zituzten menditzar horiek, aldiz, 47 hektarea dira orain. Alpinista zaharrak harritu zituzten izotz masa izugarriak, eraikinen tamainakoak, findu eta disgregatuak, kasik ezkerra diruditela.

Kea zerion Nafarroari 2022an (oi Baldorba!) eta klima larrialdiaz aunitz kezkatu ginen, baina, lehendabiziko malutak erori eta teleaulkiak mugitzen hasi direnean: Decathlon, kargatu txurgoa eta eman kontaktuari. Freeee… Euskal progresiaren Whatsapp taldeetan: “Norbait Pirietara?”

Bere bizimodu inperiala zalantzan jartzen ez duen herriak ez du sekula onartuko trantsizio ekosozialik, ez sekula eskuratuko burujabetzarik

Krisi ekosozialak klase arrakala nabarmena du, noski: %1 aberatsenak, %50 pobreenak baino isuri gehiago; Frantziako hegaldien erdiak, populazioaren %2k. Baina bada garaia guk, mendebaldarrek, gure inpaktuaren erantzukizuna onartzeko, betiko “baina hura okerragoa da” pasiboan gelditu beharrean. Edo, akaso, Manadaren erasoen larritasunak justifikatzen dute nik ostatuan ukitu-erasoa egitea? Alderantziz: bi eskalen ezberdintasuna nahiz lotura ulertzean gara gai ikusteko egiturazko arazoa. Eta gure egiturazko arazoa kapitalismo fosila da. Eta pirikontsumismo fosilak, makinaria horren pieza eta sinbolo, zera dakar:

Batetik, denen atmosfera gure zabortegi pribatu bilakatzea, glaziarren negarrerako. Batez bertze, EAEko pertsona bakoitzaren CO2 isuriak 8,4 tonakoak dira urtean. Haatik, planetaren tenperatura 2 graduren azpitik mantentzeko bakoitzak 2 tonako aurrekontua badugu… niri ez zaizkit kontuak ateratzen. Donostiatik Ordesara joan-etorria 200 kilogramo CO2 (urteko aurrekontuaren 1/10 janda eta oraindik ez gara patatak frijitzen hasi). Pirinioetara ortziraletik igandera tona eta erdiko katxarro batean gasolina erretzen joan nahi badugu, gure oroitzapenetan paisaia elurtu horien puskak lapurtzera, orduan, biharkoek ezinen dute. Eta ez al dituzte haiek ere tontor horiek, Belaguako haran berdeak merezi? Martxa honetan, Euskal Harria da geldituko den nazio bakarra.

Astean zehar hirian prekarizatuta, baina asteburu eta oporretan low cost bidaiak tuboeskape gisa

Bertzetik, inpaktu sozioekologikoak daude euskozentrismotik haraindi. Non daude gure ibilgailu pribatuen harrobiak? Miña-han. Kapitalaren nazioarteko banaketak zainak irekitzen ditu Hego Globalean, mozkinak pilatzen ditu multinazionaletan eta kontsumozko ondasunak klase ertainentzat. Inpaktua-metaketa-kontsumoa. Bertzela errateko: ginearra zuloarekin gelditzen da, akzioduna billete-sortarekin eta mendebaldarra jostailuarekin. Hortaz, bat ezin da internazionalista izan eta Pirietara astebururo txurgoan joan.

Baina furgoneteoaren kultura neoliberalaren gakoa ez da soilik inpaktu material ikusezina. Hegemonia da kontua, kapitalismo garatuak porrekin baino kontsumoarekin diziplinatzen baitu. Funtzio bikoitza betetzen du hiperkontsumismoak: merkantzia saltzea eta sistema legitimatzea. Furgoneteoaren kasurako: Volkswagen guapoa eta Petronorren gasolina erosi eta askatasunaren eredu neoliberala normalizatzea. Astean zehar hirian prekarizatuta, baina asteburu eta oporretan low cost bidaiak tuboeskape gisa. Hegemonia hori da desartikulatu behar dena. Zein herrik eskatuko du deskarbonizazioa bere gozamena gurpil gainean eraiki badu?

Luxu publikoak behar ditugu, Pirinesa autobusak, mendizaleen klub gehiago, komunitatea berregin, eta, agian, urtean gutxitan joatea

(Kotxea-lana auzi gordina bertze baterako. Galdera bat soilik: kotxea behar da lanerako edo lana eta bizitza eraiki dira kotxearen arabera?)

Eta beraz, Piriniorik gabe? Ez doike! Kotxearen aitzinetik baziren mendizaleak, Netflix baino lehen Zinema Paradisoak baziren bezala. Luxu publikoak behar ditugu, Pirinesa autobusak, mendizaleen klub gehiago, komunitatea berregin, eta, agian, urtean gutxitan joatea, baina, tempus ezberdin batekin. Agian, Pirinioek errespetu eta denbora gehiago merezi dutelako. Ez dezagun akabatu maite dugun hori!

---

Pirinioei elurrezko hegoak mozten dizkien eta pasako txoriak Almeriako negutegietan preso dituen ekonomia bat eta bera da. Baina bere bizimodu inperiala zalantzan jartzen ez duen herriak ez du sekula onartuko trantsizio ekosozialik, ez sekula eskuratuko burujabetzarik.

Gorka Laurnaga