Konfinamendu garai hauk oroitzekoak geldituko dira, sekulakotz ez bada gutienez luzarakotz . Ekonomia eta sozial sarearen mugimendu guzia gelditu dute Covid 19 birusaren kotsua indargabetzeko. Eta herritar ala hiritar, denak gure etxetan preso ezarri gaituzte.
Lerro hauk idazten ditugularik, ez dakigu oraino ea aho sudurrak tapatzerat behartuko gaituzten maska batez, mugaz bestaldean musukoa deitzen dutena, eta hemen gaindi muturrekoa bezala har ginezakeena.
Lerro hauk idazten ditugularik badakigu ordea ondorio larriak agertuko direla langabeziaren aldetik bereziki. Hala hola zabiltzan enpresa askok buruz behera egitea arriskatzen dute, eta nekez haziko dira egunetik biharamunerat lanbide berriak.
Laborantza munduak ere espantu guti agertzen du orokorrean, nahiz zuzeneko saltzapen bide berriek argi guzia biltzen duten. Garraio gehienak moteldu direnez, saltzapenak lehertu dira. Edo alderantziz. Lantegiak eta saltegiak hetsi dira eta garraioak gelditu dira. Behi haragia konparazione nekezkian dabila prezio apalegiekin laborarientzat, gainezka ekoizten zen behi esnea kasik laurden batez apaldu nahi lukete, eta hemen gaindiko ardi esne industriak ere soberakin estakuruak agertu ditu. Beste hainbat ekoizpen badaude merkatuen ernatzearen zain, Ezpeletako biperra bera hemen hunkitzen gaituztenetan.
Entzun dugu Ursula Von Der Leyen Europako etxekandre berria, erraiten merkatuak eta komertzioa behar zirela lehen bait lehen beren bidean jarri. Zoritxarrez badakigu nolako merkatu plaza desorekatua den Europa bera mundu guzia bezala. Europako lege nagusia da deusek ez duela trabatu behar merkatua, zoingehiagokak bide guziak libro behar dituela. Europa hazten da osatzen duten herrialdeen ezberdintasunetarik, ongi agertu dena adibidez baratzezain industrialen kanpoko langileen eskas minetik. Mundua ere hazten da ekonomiaren lehia gorritik, xurgatuz lurralde praubeetako lehengaiak, higatuz lekuan lekuko langileriak, eta herrialde nagusiek menperatuz ahulago diren guzien merkatu plazak oro. Horrela daude batzu jaun eta jabe. Besteak petzero.
Altabada, ikaran ez dauden herritarrak geroaldi hobearen esperantzan gaude. Gaindituko direnean birusaren ausikiak eta beldurrak, ekonomiaren oldarra atera bedi zoingehiagoka hotz eta krudelaren ildotik, elkartasunaren eta iraupenaren ixurian gora abiatzeko. Nekez erabakiko da hori dekretuz ala legez. Nork bere auzoan, bere herrian, bere lurraldean eraikiz hasten da. Hor da haziko herri proiektoa. Gauden edo goazen bada geroaldi hobearen gutizian eta zorian.