argia.eus
INPRIMATU
Glovoren kontra deklaratuko du LABek Bartzelonako fiskaltzaren aitzinean
  • Glovo eta haren gisako enpresek langileak autonomo gisa kontratatzen dituzte, oinarrizko langile eskubideak urratuz. Errealitate hori borrokatzen dabil Euskal Herrian LAB, eta fiskaltzak lekuko gisa deklaratzera deiturik, ostegun honetan sindikatuaren ordezkaritza bat egonen da Kataluniako hiriburuan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko otsailaren 02a
Glovo enpresarentzat dabilen langile bat (Argazkia: Dos por Dos Kauldi Iriondo)

Glovo gisako plataforma digitalen egonkortzea aurreikusita, sindikalismoak "erronka" bat duela uste du LABek. Iragan urrian bideratu prentsaurrekoan zehaztu zuten langile borroka horren beharra, ondoko bi helburuak finkatuz: lehenik, lege-iruzurra amaitzea eta lan-harremana besteren konturakoa dela aitortzea; eta, bestetik, lan-baldintzak arautzeko esparru bat ezartzea, Negoziazio Kolektiborako eskubidea betez.

Bide hori Euskal Herrian egiteaz gain, Kataluniara eramanen du otsailaren 2 honetan mezua: Bartzelonako epaitegietan "autonomo faltsuez" baliatzen den plataforma digital baten aurka abiatutako prozesu batean lekuko gisa deklaratzeko deitu dutelako sindikatua.

Gaur egun, langileek besteen konturako langile izaera onartua badute ere epai irmo edota ebazpen bidez, Glovok autonomoen eraentzan altan ematera behartzen ditu, eta ondorioz, erregimen orokor eta autonomoetan, bietan, daude alta emanda. Horrekin batera, enpresak ez dizkie oinarrizko eskubideak onartzen: oporrak, lanaldiak… Langileon eskubideen kontrako "delitu larri eta jarraituak" eta epai zein ebazpen administratiboei "entzungor" izaera deitoratuko du sindikatuak.

Azken isuna: 57 milioi eurokoa

Urtarrila bukaeran jaso du isun berri bat Espainiako Estatu mailakoa, Glovo enpresak: 57 milioi eurokoa. Gizarte Segurantzako Lan Ikuskaritzak, hasteko, 32,9 milioi euroko isuna jarri dio, 7.022 langileri Gizarte Segurantzan alta ez emateagatik. Hori horrela, langile horien kotizazio falta ere ordainarazi diote, beste 19 milioi euro. Horri bigarren isuna gehitu behar zaio, 813 atzerritar lan baimenik gabe enplegatzeagatik, 5,2 milioi euroko isuna jarri diote horregatik. Helegitea jartzeko asmoa plazaratu zuen berehala enpresak.

LABek ondoko mezua luzatu die Glovo gisako plataformentzat dabiltzan banatzaileei: "Langileen antolakuntzarekin dena delako posible, baita Glovo bezalako munstro bat ataka larrian jartzea ere. Euskal Herriko rider-ak LABen bulegoetara hurbiltzen jarraitzeko deia egiten dugu, geroz eta gehiago garelako eta horrek geldiezin egingo gaituelako".