Iruñeko Justizia Jauregian hasi da Gizarte Segurantzaren Glovoren kontrako epaiketa, langileak autonomo bezala kotizatzera behartu dituelako. LAB sindikatuak salatu du multinazionalak "erabateko zigorgabetasuna" izaten jarraitzen duela, bere jokabidearen kontrako epai ugari egon arren.
Duela urte batzuk hasi ziren Euskal Herriko kaleetan Glovoren motxila horiak han eta hemen ikusten, eta hasieratik salatu zuten eragile sozial eta sindikalek banaketa enpresak berarekin zekarren esplotazioa. ARGIAn erreportaje zabala kaleratu genuen plataformen kapitalismoaren prekarietate horren lekukotasunarekin, eta besteak beste, langileak autonomo bezala alta ematera behartzen zituela azaltzen zuen, egoera hori bere larruz bizi izan zuen Paul Iano kazetariak:
"Autonomo estatusarekin lan egiteak egoera latzago bihurtzen du. Glovon lotura sozialak murritzak eta iragankorrak dira, lankideak aurkari ez ikustea zail egiten da eta istripurik edota gaixotasunik izanez gero, malo. Horri guztiari osagai berriak gehitu behar zaizkio: geolokalizazioa, telefono adimentsuak eta desesperazioan edozein lan-baldintza onartuko duen populazio prekarioa. Langileok lehiakide bihurtzeko nahasketa berri eta eraginkorra. Glovoren moduko konpainietako langileek ia ez dute haien eskubideen alde borrokatzeko beharrezko diren harremanak garatzerik, enpresek diseinatu dutelako horrelakorik gertatzea galarazten duen lan ingurunea".
Geroztik, Glovoren aurkako hainbat epai izan dira, kontratuak egin eta Gizarte Segurantzan alta eman beharrean, langileak autonomo "faltsu" bezala dituelako lanean. Esaterako, 2020ko irailean Espainiako Auzitegi Gorenak ziurtatu zuen banatzaileen eta Glovoren artean lan harreman bat dagoela eta enpresa ez dela bitartekari hutsa.
Ostegun honetan multinazionalak langileen eskubideak errespetatzeko borroka horren beste kapitulu bat hasi da Iruñean, Gizarte Segurantzak Glovoren aurka jarritako salaketan deklaratzera deitu baitituzte 80 langile. Auzia 2019tik dator, LABek salaketa jarri eta Lan Ikuskaritzak langileak Gizarte Segurantzan alta eman zituenetik.
Lau urtez legeari "iskin" egiten
LABek salatu du urte hauetan guztietan Espainiako Estatuko beste erkidegoetan epaiak norabide berean joan diren arren –Glovok langileak kontratatu eta Gizarte Segurantzan alta eman behar diela– eta Rider Legeak dioen arren bizikleta-banatzaile horiek ez direla egiazko autonomoak, Glovok jarraitzen duela izaten "erabateko inpunitatea".
Inpunitate horrek, baina, badu bere arrazoia sindikatuaren esanetan, eta erakunde publikoen "utzikerian" jarri du arreta: "[Glovok] lau urtean legeari iskin egin dio ?eta ez dakigu noiz bukatuko den kontu hau? eta hemen ez da ezer gertatzen. Ez instituzioek ez gobernuek ez diote eskatzen legea betetzeko edo zigortzen, gainontzeko herritarrei eskatzen dieten bezala", azaldu du.
Hori horrela, LABek elkarretaratzea egin du Iruñean, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean, langileen kontratuak, kotizazioak eta lan baldintza duinak errespetatu daitezela eskatu eta multinazionalarekin gertatzen ari den "eskandalua" salatzeko.