argia.eus
INPRIMATU
Glovok bere riderrak espiatzen ditu, baita lanean ez daudenean ere
  • Langileak espiatzeaz gain, ikerketa batek ondorioztatu du enpresaren app-ak datu pertsonalak eta geolokalizazioak bidaltzen dituela.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 11
Argazkia: Kauldi Iriondo - ARGIA

Langilearen baimenik gabe Glovok haren informazio pertsonala hirugarren enpresekin partekatzen du, El Saltok informatu duenez. Langilea bere lanorduetatik kanpo dagoenean ere, bere kokapena, helbide elektronikoa, telefono zenbakia eta langilearen gailutik lortutako bestelako datuak zabaltzen ditu. Tracking Exposed ikerketa taldeak horrela jakin du banatzaile-enpresa ezagunak bere riderrak zelatatzen dituela, baita konektatuta eta lanean ez daudenean ere.

2021eko uztailean eta 2022ko irailean, ikertzaile talde honek Glovo enpresaren filiala den Italiako Foodinhon enpresan erregistratutako rider baten telefonoa erabili zuen. Aplikazioak erabiltzailearen datu pertsonaletara sartzeko era, geolokalizazioa, eta datuak bestelako enpresetara bidaltzeko moduak aztertu zituzten.

Bi analisiek emaitza bera eman zuten: Glovok bere riderrak zelatatzeaz gain, banatzaileak enpresaren barne-ranking baten mende daudela. Ikerketaren lehen proban “rating” –puntuazioa- izeneko eremu bat aurkitu zuten eta bigarrengoan “experiment score” (puntuazio esperimentala) gisa bidalitako beste datu bat. Ikertzaileek diote ez dutela inolako “adierazpenik” balio horren xedeari buruz, baina azpimarratu dute “aurkikuntza garrantzitsua” dela.

Jesús Acevedok, zuzenbide digitaleko abokatuak, adierazi du Glovoren jokabide hau, langileen intimitatearen urraketa oso larria dela eta ondorioak izan beharko lituzkeela. Ildo beretik, azpimarratu du nolakoa behar lukeen Datuak babesteko Espainiako agentziaren (AEPD) jardunak: “Glovoren jatorrizko enpresa Espainian dagoenez, AEPDk ofizioz jardun eta ikerketaren buru izan beharko luke, aplikazio beraren bitartez funtzionatzen jarraitzen duten gainontzeko herrialdeetako agentziekin batera”.

Langileekin horrela jarduten badute, nork esaten digu ez direla erabiltzaileekin ere berdin jokatzen ari? Nork frogatzen du ez direla aplikazioa erabiltzen duen edonor zelatatzen ari? Acevedok berretsi du AEPDk ikerketa erabiltzaileengana zabaldu behar lukeela, honi guztiari erantzun bat eman ahal izateko.