argia.eus
INPRIMATU
Glovok autonomo faltsuen patronala sortuko du, Espainiako CEOE utzita
  • Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederaziotik atera da Glovo multinazionala. Horrez gain, langileak autonomo faltsu gisa kontratatzeagatik ikertuak diren beste enpresa batzuetako nagusiekin batera haien interesak defendatzeko taldea sortuko du.

Axier Lopez @axierL 2021eko apirilaren 30a
Oscar Pierrek sortu zuen Bartzelonan Glovo 2014an. Argazkia: Expansión.

Glovok duela aste batzuk jakinarazi zuen Antonio Garamendi neguritarrak zuzentzen duen Espainiako Enpresa Erakundeen Konfederazioko (CEOE) kide izateari uzteko erabakia. Arrazoiaren muinean dago CEOEk 'Rider Legea' adostu izana Espainaiko Gobernuarekin eta prozesu horretan Glovori "bizkarra eman izana" plataforma digitaletako lanaren etorkizuneko erregulazioari buruzko elkarrizketa sozialeko mahaian.

'Rider Legea' delakoa oraindik Ministroen Kontseiluak onartu gabe dago, baina atzean du martxoaren 10ean sinatutako akordioa, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren, CCOO eta UGT sindikatuen eta CEOE eta Cepyme enpresaburuen elkarteen artekoa. Akordio horretan jasota dago autonomoen iruzurrezko erabilera ekiditeko nahia, Auzitegi Gorenak zentzu horretan emandako epaia oinarri hartuta. Epaitegiak mota horretako enpresen mezulariak autonomo faltsutzat jo zituen.

Glovo, gainera, banaketa-konpainien patronala ordezkatzeko enpresa-talde berri bat sortzen ari da, Asociación de Plataformas de Servicios izenekoa. Eldiario.es-ek informatu duenez, horien partaide dira banaketa zerbitzuak eskaintzeko langileak autonomo gisa erabiltzen dituzten beste enpresa batzuk, tartean autonomo faltsuak erabiltzeagatik ikertuak diren Deliveroo, Stuart eta Uber Eats.

Eskarien araberako zerbitzuak eskaintzen dituzten plataforma teknologiko guztien "berariazko interesak bildu eta ordezkatzeko" asmoa du APS (erderazko sigletan) elkarteak, delivery-az harago, plataformen bidezko "lanaren etorkizunari buruzko eztabaidan batera lan egiteko".