Hamaseigarrenean hasi da berriro jaten: asteazken, 13, iluntzean eman du bukatutatzat ekintza Gloucesterreko eskualdeko gobernuaren egoitzan hasi eta Londresko Saint Paul katedralean burutu duen Sid Saundersek. Bere eskakizunetako bat betetzea lortu du: Informaziorako Komisionatuaren aginduz, Gloucestershireko agintariek 35 eguneko epea daukate Urbaserrekin Javeli Park erraustegia egin eta kudeatzeko sinatuta daukaten 500 milioi librako kontratua osorik erakusteko.
Maiatzaren 29an jan zuen bere azkeneko otordua eta ekainaren 13 iluntzean, justu 39 urte betetzen zituen egunean, eten du baraualdia Sid Saundersek, Gloucestershireko erraustegiaren gatazka berriro hedabideen agendetan sarturik. Urte luzetako borroka eta polemikan gainetik 2016an eraikitzen hasita dauden Javelin Park izeneko erraustegia gelditu eta horren oinarrian dagoen kontratua erakustea izan dira bere ekintza eteteko agintariei jarri dizkien baldintzak.
Bigarren helburua bederen lortu du Saundersek. Gure Arartekoaren zenbait funtzio informazioaren gardentasunari dagozkionak betetzen dituen Informaziorako Komisionatuak, ingelesek ICO deitzen dutenak, grebalariari arrazoi eman eta Gloucestershire eskualdeko administrazioari agindu dio 35 egun baino lehen publikoki erakusteko erraustegiaren inguruan Urbaser multinazionalarekin sinatuta daukan kontratuaren atal guztiak. Albistea Gloucesterreko prentsaz gain BBC kateak ere haizatu du egunotan.
Familiaren, lagunen eta erraustegiaren kontra mobilizatutako militanteen artean egin baditu grebaren egunik gehienak, protesta Londreseraino eraman nahi izan du amaieran. Ingalaterrako eliza anglikanoaren egoitza nagusia den Saint Paul katedraleraino eraman du ekintza Saundersek.
Saint Paul katedralean Saundersek elizaren bedeinkapena jaso du eta gainera... apaizek poliziei eragotzi diete ekintzailea atxilotzea, haren protesta errespetatzekoa dela argudiatu eta bere bandera eta guzti bertan egotea baimendu. Katedraleko apaiz arduradunetako bati grebalariak oparitu dio protestaldian zehar eskuz egin dituen zurezko goilaretako bat. "Goilara hau erantzun sinboliko bat da baliabideak erabili eta botatzeko gure jokabidearekiko, erabilera bakarreko plastikoak bezala zabortegien eta errausketaren erabilera salatzeko modu bat. Aldiz, goilara oso ederra da, naturala, iraunkorra eta erakusten digu nola egin beharko genituzkeen gauzak, usatzen ditugun gauzei beren balioa eman eta kontserbatuz".
Ostiralean, 15, grebaren amiea sinbolikoa egitekoak ziren goizeko 10:00etan Gloucesterren [11:00 Euskal Herrian], protestazko ekintzan parte hartu eta lagundu duten guztiek otordu txiki bat eginez.