Gloucesterreko udalak eta Urbaser multinazionalak epaitegian erantzun beharko diete hainbat herritarrek CommunityR4C elkartearen ekimenez auzitara eraman dituztelako, Javelin Park erraustegiaren kontratua osorik erakutsitakoan hasieran agintariek aitortutako 500 milioi libretako kostoak benetan 633 milioi zirela jakin denean.
Eguberriotan Ingalaterran plazaratu eta ARGIAk duela aste bete zabaldu zuenez, eskandalua piztu da ekintzaileen bultzadaz lortu denean Gloucesterren eraikitzen ari diren Javeling Park erraustegiaren kontratua jendaurrean erakustea: agintariek eta Urbaser konpainiak orain artean defendatutako 500 milioi libren ordez, paperek erakusten dute 633 milioi libratik (724 milioi eurotik) gora izango direla, aitortutakoa baino %30 gehiago. Herritarrek informazio hori eskuratu zezaten erabakiorra izan zen Sid Saundersek Gloucesterreko udalaren atarian gose greba hamabost egunez egin izana.
Ingurumen aferen jarraipena egiten duen CommunityR4C elkarteak sustatuta, herritar sail batek epaitegietara jo du udalak hondakinen plan osoaren lizitazioa berriz hasi dezala eskatuz. Jeremy Irons aktorea eta beste hainbat jende ezagun biltzen dituen elkarteak gaia erabakitzeko prozesuan zehar defenditu du bazegoela erraustegirik gabe hondakinak hobeto, garbiago eta merkeago kudeatzeko beste alternatibarik, eta orain salatu du Gloucesterreko udalak eta Urbaserrek kontratuaren osotasuna gordeta edukitzeko kanpainan milioi erdi libra xahutu dituztela, epaileek paper guztiak erakustera derrigortu dituzten arte.
“Erabaki oso zaila izan da auzitara jotzea –esan du Patricia Watson hondakinetan aditu eta taldeko zuzendari boluntarioak–. Baina bai [Urbaser] konpainiak eta bai udalak gauzak ezkutuan erabakitzeko jokabideak eragin du proiektu hau izatea Britainia Handiko beste edozein baino garestiagoa ingurumen etekin txikienak lortzeko".
CommunityR4Cko zuzendaritzako beste kide batek, Tom Jarmanek, esan du: "Kostuen %30eko igoera bat ezkutatzea bai herritarrei eta baita bere auditoria batzorde propioari ere, hori da gauza bat onartu ezin zaiona herri agintari bati".
CommunityR4C elkarteak hasieratik egin dio aurre Gloucesterreko erraustegi proiektuari, Jeremy Ironsek aurkeztuta 2016an zabalduriko bideo honetan ageri denez: