argia.eus
INPRIMATU
Globo morean
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe 2024ko abenduaren 20a

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

-------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand up-ak. Eguneroko egoeren bitartez bizitzarekiko ikuspegi bat umoretik kontatu eta publikoan eragitea da ZtandaP.

Durangoko Azokak 200 bat ekitaldi antolatu ditu aurten, tartean Szenatokian bata bestearen atzetik eskaini diren hamar pieza labur. Kultur Guneko ilarak, ordea, bazituen kasik 500 metro. Jendea, kontsumo gosez, edonon eta edonola zegoen, ikuskizun baterako zein besterako hartzaileek bat egiten zutelarik. Izan ere, aforo kontuak medio, mugak jarri behar izan zituzten hainbatetan, jendea kanpoan utzita. ZtandaP ikuskizunaren aurretik bazegoen beste monologo bat eta ondoren ikus-entzunezko baten proiekzioa. Ez dakit hau ikustera sartu zen jendeak espreski nahi zuen hau ikusi, baina aretoa leporaino zegoen.

Zaila da ukatzea, era berean, bi emakume umoregilek sortzen duten espektatiba eta zirrara. Gero eta gehiago zabaltzen ari da Euskal Herrian bakarrizketa eta umoregilearen diziplina. Esparru horretan, ordea, txikia da emakumeen presentzia, eta horren jakitun datoz Mirari Martiarena eta Idoia Torrealdai. Hirugarren lana da ZtandaP, eta honetan generoa bera izan dute umorea egiteko zio.

Koloredun bi txaketa soinean sartu dira eszenara, jarrera freskoarekin publikoa limurtzera. Bakarrizketetan askotan entzun diren gaiak dakarzkite oholtzara: maitasuna, etxeko lanak, orgasmoak, ligatzeko moduak… Nola banatzen dira etxeko lanak, eta zein jarrera hartzen du gizonak eta zein emakumeak? Harreman sexualetan komunikatzeko gaitasunik ba al dugu, eta zer gertatzen da ez dagoenean? Zergatik sexualizaten da hanka beroak dituen norbait bilatzen ari naizela esateak? Galdera serioak dirudite. Eta badira. Hain zuzen, horregatik planteatu dituztela esango nuke, aldarrikapenerako borondate batetik eta publikoari erantzunak emateko asmoz.

Umorea eta barreak edonolakoak izanagatik ere, gaia zein ikuspegia ez zaizkit berritzaileak iruditu. Gizonak eta emakumeak nolakoak diren hitz egiten duten hamaika bakarrizketa ikus-entzun ditugu, gehienetan klitxez betetakoak eta guztietan genero desberdintasuna oinarri dutela. Martiarenak eta Torrealdaik ez dute horrekin hausten. Gai berak landu dituzte eta emakumeen ahotsetik kontatu. Egia da horrek baduela jada umorea eta zapalkuntza soila ez den trataera, besteek ez bezala, kontakizuna ez baita goitik beherakoa kasu honetan. Baina ez ditu estereotipoak benetan hausten, baizik eta, fokoa lekuz aldatuta, errealitatearen beste alde bat ikustea dakarrela. Dena den ikuslegoa barrez lehertzea lortu eta pentsamendu globalean jostorratza sartzea.