argia.eus
INPRIMATU
Global Forum Spain
  • Beste aukera galdu bat. Eta enegarrena da. Nor garen eta zer nahi dugun adierazteko mundu mailan. Ez dakit nork antolatua izan den efemeride ekonomikoa, FMIk edo Espainiako Gobernuak, eta berdin dio, azken batean.

Karlos Gorrindo Etxeandia @kgorrindo 2014ko martxoaren 06a

Errespetu gabezia eta mespretxua erakutsi dute beste behin ere euskalerritarron izaera eta nortasunarekiko. Bai, badakigu goi bilera hori ez dela mundu mailako estaturik gabeko nazioen aldeko aldarrikapen nazioartekoa egiteko gauzatu. Goi bilera, ostera, Espainiako egoera sozioekonomikoa aztertu eta murrizketa gehiago eta lan baldintza okerragoak sustatzeko egina da.

Antolatzaileek EAE Espainia dela argi utzi nahi izan dute, bada, eta gaztelania hizkuntza bakarra. Ingelesa erabiltzea, idazpuruan esaterako, kanpoko gonbidatuei egindako keinua baino ez da izan. Hizlariek gaztelania eta ingelesa erabili dute, eta Espainiak EAEn duen ordezkari gorena den Urkullu jaunak aipamen minimoa ere ez du egin berez zenbait euskalerritarrena den hizkuntzan. Eta, jakina, minduta eta lotsatuta sentitu gara. Ahalegintxoren bat egin zezakeelakoan nago. Kontuan hartu dezaten kanpotik etorritakoek nor garen eta non dauden. Baina gaztelania aukeratu du hitzaldirako eta ekonomiaren humanizazioaz mintzatu da, espekulazioaz eta ekonomia pertsonalizatuaz. Bego. Ondo da. Ekonomiak eragin latza du egun gure egunerokotasunean, eta ezin baztertu goi bileraren aztergaia. Baina ekonomiaz mintzatzeko beste baliabide linguistikorik euskarak baduelakoan nago. Ez dezala inork pentsa, garai batean bezala, euskarak ez duela balio ur sakonetako fauna eta floraren azalpen argi eta ulergarriak egiteko. Lehendakariak, hortaz, derrigortuta egon beharko luke berea ere baden hizkuntzan azalpen handiosak egiteko. Eta era xumean egin ere. Nik kikilduta ikusi nuen gaztelaniaz berbetan, ez dakit aukeratutako hizkuntzak berak ikaratuta edo Euskalerriratutako pertsonaia faraonikoek.

Gero, beste kontu bat da goi bilera horren ondorioz izandako kale istiluak. Baina hara! saihestea erraz dute antolatzaileek. Egin ditzatela bilerok Artikoan (pinguino gajoak!) edo basamortuan (hiena koitaduak!), jaima baten edo iglooan, herritar xeheengandik urrun, eta isolatuta. Gauza jakina baita mundu mailako ekonomia bideratzen duten erakundeek haserrea eta tripalak baino ez dituztela eragiten.