Austria glifosatoa debekatu duen Europar Batasuneko lehen herrialdea da. Alderdi sozialdemokrataren iniziatibaz onartu da neurria, eta FPÖ alderdi ultraeskuindarraren, liberalen eta Jetz alderdi progresistaren aldeko bozek lagundu dute onartua izateko.
Parlamentu banandu baten onarpena izan du Austrian glifosatoa erabiltzearen debekuak. Público hedabidean irakur daitekeenez, Neurriaren aurka bozkatu duen ÖVP alderdi popularrak populistatzat jo du debekua, eta glifosatoa “modu egokian” erabiltzen duten nekazarien aurkako eraso gisa definitu du. Greenpeace nazioarteko elkarte ekologistak, berriz, gertakari “historikoa” dela esan du, eta alderdien adostasuna goraipatu.
Neurria, baina, Europar Batasunaren Landareen Babeserako Ordenantzaren aurka doa; izan ere, lege honek kide diren estatu guztietan 2022ra arte glifosatoa erabiltzea ahalbidetzen du. Komunitateko estatuek ordenantzako substantzia batzuk debeka ditzakete muturreko kasuetan. Orain Europako Batzordeak erabaki beharko du debeku hau bidezkoa den ala ez.
Glifosatoa erabiltzeagatik zigortuak
Bayer produktu farmazeutiko eta agrokimikoen multinazional alemaniarra hiru aldiz zigortu dute glifosatoaren erabilera eta salmenta dela eta. Joan den maiatzean izan zen azkena, AEBetako epaitegi batek ebatzi baitzuen Monsantoren Roundup herbizida bikote baten minbiziaren sortzailea izan zela. Ordura arteko zigorrik gogorrena ezarri zioten Bayer enpresari, 1.800 milioi euroko kalteordaina eman behar izan baitzion bikoteari.
Horren aurreko bi zigorrak San Franziskoko (Kalifornia, AEB) lorezain eta Sonomako (Kalifornia, AEB) herritar bati eragindako kalteengatik ebatzi ziren, 290 eta 80 milioi dolarrekoak, hurrenez hurren.