argia.eus
INPRIMATU
Kantzerigenoen zerrendan dagoen glifosato herbizidari buruzko erabakia atzeratu du Europak
  • Kontsentsu zientifiko (eta politiko) ezak eta talde ekologisten presioak eraginda, Europar Batasunak maiatzerako utzi du glifosato herbizidaren baimena luzatzeari buruzko erabakia. Osasunaren Munduko Erakundeak "segur aski kantzerigenoen" zerrendan sailkatu zuen glifosatoa 2015eko martxoan, baina Europako Batzordeak baimena beste hamabost urtez luzatzeko proposamena egin du, substantzia arriskutsua ez dela dioen Europako Elikagaien Segurtasun Agentziaren (EFSA) txosten batean oinarrituta. Munduan gehien erabiltzen den herbizida da glifosatoa.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko martxoaren 09a
Glifosatoa munduan gehien erabiltzen den herbizida da (Arg: Corbis).

Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzordeari dagokio erabakia, eta 2016ko ekaina baino lehen hartu behar dute, orduan agortuko baita orain indarrean dagoen baimena. Martxoaren 7 eta 8an egindako bileran bozketa egitea aurreikusita zuten, baina azkenik maiatzera atzeratu dute. Oso litekeena da Europako Batzordeak moldatutako proposamena aurkeztea ordurako.

Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzordea EBko estatu kideetako ordezkariek osatzen dute. Glifosatoaren inguruan sortu den eztabaida dela-eta, batzuek iragarri dute ez dutela haren baimena luzatzearen alde bozkatuko. Beste batzuk, Alemania kasu, etxe barruan ados jarri ezinik dabiltza, eta beraz ez dute erabaki oraindik zer boto emango duten. Gogoan izan behar da Alemaniako BfR institutuak ere parte hartu duela glifosatoak arriskurik ez duela dioen EFSAren txostenean.

Pestiziden industriako ordezkariek ez dute ondo hartu glifosatoari buruzko erabakia atzeratu izana. Sektorearen interesak defendatzen dituen elkarteko (Uztak Babesteko Europako Elkartea du izena) zuzendari Jean-Charles Bocquetek esan du ez zaiela batere gustatu estatuetako ordezkariek jasan duten presioa, glifosatoaren baimena ez luzatze aldera. Presio hori ingurumen arloko gobernuz kanpoko erakundeetatik eta Europako Parlamentuko Ingurumen Batzordetik iritsi da, Bocqueten ustez.

Monsantok merkaturatu zuen hasiera batean glifosatoa, Roundup markarekin, baina patentea 2000. urtean agortu zen. Gaur egun izen komertzial bat baino gehiagorekin saltzen da. Frantziako Estatuak 2015ean debekatu zuen. Egunotan jakin da, bestalde, Madrilgo Udalak bere ardurapeko baratze eta lorategietan herbizida hori gehiagorik ez erabiltzea erabaki duela, aurrez Bartzelonakoak egin bezala.