argia.eus
INPRIMATU
Glefaran enpresaren jarduna eteteko aholkatu du adituen txosten batek
  • Glefaranek eragiten duen kutsaduraren aurrean, inguruko biztanleen osasunaren alde borrokan ari da Gueñes Bizia plataforma. Txosten batek enpresaren jarduna etetea gomendatu du, eta enpresari eta Eusko Jaurlaritzari kritikak egin dizkio.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 19a
(Argazkia: GueƱes Bizia plataforma)

Glefaran biomasa plantaren emisio toxikoek Zallako eta Gueñeseko biztanleengan eragin ditzaketen kalteek arduratzen dute Gueñes Bizia plataforma. Airearen kutsadurak artegaturik, bi udalerrietako ordezkariekin eztabaida publikoa gauzatu nahi dute. Hori lortzeko, otsailaren 10ean gose grebari ekin zion Gueñes Bizia plataformako kide Gorka Llantadak.

CSIC Espainiako ikerketa zentroan aritutako Fernando Palacios ingeniariak Glefaranen jardunaren inguruko txostena osatu du, plataformaren eskariz. Palaciosek aurkeztutakoa, beste bi ikerlarik babestu dute. Biomasa erretzean isurtzen diren gai toxikoak aztertu dira, baita horiek ingurumenari eta pertsonei eragiten dizkieten kalteak ere. Txostenak zehaztu du emisio handieneko gunean daudela Gueñes eta Zalla, eta enpresaren jarduna “berehala etetea” aholkatu du. Gomendio hori sostengatu du txostenak, aukera egokiena delakoan osasunaren defentsari eta klima larrialdiaren aurka jarduteari dagokionez. Berriak jaso duenez, “plantaren jarduera ez dator bat berotegi gasak murriztearekin. Egurra errausteak gainerako erregaiek baino karbono gehiago isurtzen du atmosferara”.

Horrez gain, txostenak Glefaran eta Eusko Jaurlaritza kritikatu ditu. Txostenaren arabera, emisio arriskutsuak isuri dira kontrolik gabe. Glefaranen Ingurumen Baimen Bateratuak (IBB) gabezia eta irregulartasunak dituela azpimarratu du, eta enpresari zein Eusko Jaurlaritzari leporatu die kutsadura kontrolatu eta prebenitzeko araudia urratu izana: “Gai arriskutsuen emisioak txertatu egin behar dira, baina IBBak ez ditu jasotzen egurra erretzean sortzen diren substantzia kaltegarriak”. Era berean, Ingurumen Sailari bere eginkizunak “ez betetzea” ere leporatu dio txostenak, arrazoi ugariren artean, IBBa baldintza horietan emateagatik.