Güeñes Bizia plataformak egindako salaketak gezurtatu ditu Glefaran enpresak hedabideei bidalitako prentsa-ohar baten bidez. Larunbat honetan enpresaren atariraino iritsiko den manifestazioa deitu du kolektibo horrek.
Glefaranek hedabideei bidali dien informazioak Güeñes Bizia plataformak emandako hainbat daturi erantzuten die. Adibidez, egunean kontsumitzen den biomasa kopurua 230 tonakoa dela baieztatu du –plataformak 350 tona erabiltzen dituztela adierazi zuen–, eta lehengai gisa zuhaitzak kimatu osteko soberakinak eta baso-jardueretako hondakinak bakarrik erabiltzen dituztela ziurtatu du: pinu, akazia, platanondo eta eukaliptoa nagusiki.
Enpresaren arabera, prozesu horretan ez dute enborrik erretzen eta erabiltzen dituzten lehengaien %90aren jatorria lantegiaren inguruko 150 kilometrotan dago. “Azaleraren %55 baino gehiago zuhaitzak diren ingurune batean, ulertzekoa da baso jarduera indartsua egotea eta hondakin batzuk sortzea, egurgintzak eta papergintzak irentsi ezin dituztenak”, azaldu du enpresak. Prozesu produktiboari dagokionez, baieztatu du materialak erre egiten dituztela, baina ez erraustu. “Desberdintasun hori garrantzitsua da, plantak ez dituelako mota guztietako hondakinak erabiltzen, horrek ekartzen dituen abantailekin”.
Mota horretako jarduerek hiriguneetatik bost kilometro baino gutxiagora ezin zutela egon adierazi zuen Gueñes Bizia plataformak, Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiaren (CSIC, gaztelaniazko sigletan) irizpideak aipatuz. Glefaranen arabera, ordea, “inolako araudik ez du distantziarik jartzera derrigortzen”. Enpresak dio Europa osoan daudela mota honetako lantegiak herritarrak bizi diren guneetatik gertu –Angers, Saint Denis, Dijon, Växjö, Périgueux eta Limoges aipatu ditu–. Gainera, CSIC aipatzea “intentzio txarrekotzat” jo du Glefaranek: erakunde horrek berak biomasa energia sortzeko alternatiba ontzat jotzen duela dio enpresak, bai ingurumenaren ikuspegitik, baita alderdi ekonomiko eta sozialetik ere.
Enpresaren isurketak neurtzeko Europako zuzentaraua aplikatzen zaiela ere gogorarazi du Glefaranek. Zuzentarau horrek biomasa solidoko plantentzat aurreikusten du mugak jartzea Nitrogeno Oxidoaren bi aldagaientzat eta partikulentzat 2025etik aurrera, baina Glefaran dagoeneko arau hori betetzen ari dela adierazi du prentsa oharrean. “Gainera, Glefaranek exigentzia handiagoa dauka, plantak isurtzen dituen partikulen kontrola etengabe egiten da eta Gobernuko dagokion unitateak baieztatzen ditu; Gobernuak datua enpresako teknikarien aldi berean ezagutzen du”, dio oharrak.
Hori guztia kontuan edukita, enpresak legearen barruan funtzionatzen duela ziurtatu du Glefaranek, energia berriztagarria ekoizten duela eta haren emisioak mota honetako planta baten estandarraren barruan daudela.