Bi astez klima larrialdiari aurre egiteko akordioak adosten aritu dira munduko agintariak. Gehien kutsatzen duten estatuek presionatuta, azken zirriborroan jasotako erabakiak hasierakoetatik moldatu egin dituzte: adibidez, ez dute ikatza baztertzeko eskaria egin, baizik eta “pixkanaka murriztekoa”.
“Azalekoa” da klima larrialdiari irtenbidea emateko nazioarteko mandatariek Glasgown lortutako akordioa, Ekologistak Martxan taldearen iritziz. “Amorragarria eta etsigarria” da Fridays For Futureko ekintzaile gazteen esanetan. “Otzana eta ahula”, Greenpeacek salatu duenez. Bi astez Eskoziako hirian bilduta egon ostean, COP26 goi-bilerako parte hartzaileek ez dute erdietsi ekologistak eta eragile sozialak, ezta hainbat estatuburu aseko dituen hitzarmenik.
Irene Rubiera Ekologistak Martxaneko bozeramaileak kritikatu du “edonork” sinatuko lukeela hitzarmen hori: “Klima larrialdiaren aurka borrokatu behar dela dio, baina ez du zehazten ez noiz ez nola egingo den, ezta zein finantziaziorekin”. Izan ere, hartutako erabakiak ez dira lotesleak.
Halere, orain arte kontuan hartu ez diren hainbat auzi mahaigaineratu dituzte bileran, eta, besteak beste, ikatza eta energia fosilak baztertzearen inguruko eztabaida “aurrerapausoa” izan dela aitortu du Jennifer Morgan Greenpeacen nazioarteko zuzendariak; baina gogorarazi du azkenean adostutako erabakia “ahula” dela. Akordioa ixteko azken orduetan, zirriborroko esaldi bat aldatu dute Indiako ordezkariaren presioei erantzunez: ikatza energia iturri moduan “erabiltzeari uzteko eskaria” egin ordez, hura “pixkanaka murrizteko eskaria” egin dute.
Herrialde pobretuak bazterrean
Bestalde, herrialde pobretuengan begirada jartzea positiboa iruditu zaie ekologistei, baina haiek “albo batean” utzi izana salatu dute. Fridays For Futurek kaleratutako oharrean adierazi duenez, Erresuma Batuko Gobernuak duen muga politikak klima aldaketak gehien erasandakoen ahotsak “are bazterrerago” utzi ditu: “Lehen lerroko aktibistek borroka egin behar izan dute haien ahotsak entzun daitezen, eta, bitartean, erregai fosilen 500 sustatzaile baino gehiagori ongietorria eman diete goi-bileran”. Estatu aberatsek herrialde pobretuei emateko asmoa duten finantziazioa behar dutenetik “oso urrun” dagoela kritikatu dute.
Halaber, Morganek Greenpeacen izenean adierazi du hitzarmenean “isuriak hamarkada honetan murrizteko” beharra onartu duten arren, konpromiso hori datorren urterako utzi dutela; ohartarazi du krisi klimatikoan hazi direnek ez dutela horrelako emaitzarik onartuko. Goi-bileran adostu dute isuriak %45 murriztea 2030. urterako, horrela planetaren berotzea 1,5 gradu baino handiagokoa izan ez dadin mende amaierarako, industriaurreko datuekin konparatuta. Morganek eskatu du horretarako neurriak “ezarri” egin behar direla.
#COP26: The call for emissions reductions of 45% by the end of this decade is in line with what we need to do to stay under 1.5C and brings the science firmly into this deal.
But it needs to be implemented.
/11
— Jennifer Morgan (@climatemorgan) November 13, 2021
Ikusi beharko da erabakitakoa betetzeko zein pauso hartuko dituzten aurrerantzean. Hurrengo goi-bilera Egipton egiteko intentzioa dute nazioarteko estatu ordezkariek, 2022an.