argia.eus
INPRIMATU
Glasgowko ajea

Mikel Otero Gabirondo @otero_mikel 2021eko azaroaren 17a

Klima gailurraren zalaparta mediatikoa baretuta, ajea dator. COP26ak inflexio-puntua izan behar bazuen ere, atsekabea nagusitu da hartutako erabakien edo, hobe esanda, hartu ez diren erabakien ondorioz. Erregai fosilen amaierarako ibilbide orririk gabe; Parisko akordioaren araudi garapena osatu gabe; larrialdiari aurre egiteko finantzazio nahikorik gabe. Mingarriena, estatu aberatsek hego globalean pairatzen hasiak diren kalteak leuntzeko funts bat sortzeari muzin egitea. Glasgowk Parisko sugarrak piztua jarraitzen ote zuen argitu behar zuen, hots: ea 1,5 graduko langa ez gainditzeko moduko konpromiso lotesleak hartuko ote ziren. Ez du lortu.

Helburu nagusian kale egingo zela jakitun, lider nagusiek lehen egunetan diskurtso loratuak bota, alde egin eta beren delegazioak estatu indartsuen eta fosilen presio taldeen interesen alde borrokatzen utzi zituzten. Erabateko ospe-galtzea ekidite aldera, hainbat herrialdek akordio sektorialak bultzatu dituzte, metano isurien inguruan, deforestazioaren inguruan, motore termikodun autoen inguruan eta abar, baina akordio bakoitzak sinatu ez dutenen zerrenda luzeak utzi dizkigu. Agian eramangaitzena, ez dagoela konpromiso lotesle bat bera ere. Izan ere, hau da klima larrialdiari aurre egiteko nazioarteko sistemaren muina. Borondatezko izaera. Gauzak horrela, arrakala handitzen doa. Arrakala anizkoitza: egin behar denaren eta adierazten denaren artekoa; adierazi eta sinatzen denaren artekoa; sinatu eta benetan egiten denaren artekoa. Eta arrakalaz arrakala, ataka batean gaude.

Nazio Batuetatik eratorritako markoa zinismo klimatikoan murgildu dela egiaztatzeak, ordea, ez du aurrez aurre dugun erronka leuntzen. Alderantziz. Guztiok behartzen gaitu egin behar dena eta egiten ari denaren arteko arrakala ixten eta itxi arazten. Aukera-leihoa ixten ari zaigu eta asko eta azkar aldatu ezean, planetaren mugekin hasia den talkak ondorio gordinak izango ditu guztiontzat. Are gehiago, baliabide mugatuak dituen ingurune batean mugarik ez balego bezala jarduten duen sistema sozio-ekonomiko kaltegarri hau eraldatzea saihestezina da. Gainera, gero eta baliabide energetiko eta funtsezko lehengai urriagoko testuinguru batean egin beharko dugu. Klimaren bilakaerak iragartzen duen porrot ekologikoa, ematekotan, atzera-bueltarik gabeko kontua den neurrian, itxaropena baino, ekologismoaren loraldi bat behar dugu. Ekin diezaiogun.