argia.eus
INPRIMATU
Gladys del Estali omenaldiak, Guardia Zibilak hil zuela 42 urte bete direnean
  • 1979ko ekainaren 3an hil zuen guardia zibil batek tiroz Gladys del Estal ekintzaile ekologista Tuteran, bilkura bakezale batean zela. Gaur, osteguna, Tuteran bertan omenaldia eskainiko dio Bardea Libre plataformak; eta larunbatean, Donostian gogoratuko dute Eguzki eta Gladys Gogoan taldeek.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 03a
Gladys Del Estal hil aurreko azken argazkian, Donostiako bizikleta martxan.

Tuterako omenaldia 20:00etan egingo da Ebrokio zubian, eta Donostiakoa 12:30ean Gladys Enea parkean. Bizikletaz bertaratu nahi duenarentzat, 12:00etan egin dute hitzordu Bulebarrean.

"Laguna, kidea"

"Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, guk Gladys gogoratzen dugu gure laguna, gure kidea izan zelako, eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahanzterik ez dagoelako", adierazi dute antolatzaileek. "Aitortza ofizialik, gainera, ez da iristen. Izan ere, azken urteotan bai Eusko Jaurlaritzak bai Nafarroako Gobernuak aitortza-bidean egin dituzten urratsek erresistentzia handiak topatu dituzte eta oraindik ez dute fruiturik eman. Alde horretatik, pozgarria da orain dela bizpahiru aste jaso dugun albistea: Konstituzionalak atzera bota du polizien eta ultraeskuindarren biktimak aitortzeko nafar legearen kontra PPk eta VOXek ezarritako helegitea".

"Gladys gogoratzen dugu, oroz gain, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudelako, inoiz baino gehiago, gainera", diote. "Izan ere, osasun-krisiak areagotu baino ez du egin errotiko aldaketa baten beharra, ingurumena eta pertsonak gehiago errespetatuko dituen ekoizpen, kontsumo eta bizi-modu aldaketa baten beharra. Ez dirudi, ordea, bide horretatik goazenik".

Eguzkiaren alaba hil ziguten

"Justiziarik ezak elikatzen du oroimena. Zenbat eta injustuagoak izan zauriak orduan eta gehiago gogoratzen ditugu eta daramatzagu bihotzean haiek jasan zituztenak. Gladys Del Estalekin antzeko zerbait gertatzen zaigu, lehen minututik sumatu baitzuten herritarrek heriotza bidegabe baten aurrean zeudela, heriotza bidezkorik existitzen bada". Hitz horiekin hasten du Urko Apaolaza kazetariak Larrun aldizkarian plazaratutako Eguzkiaren alaba hil ziguten erreportaje mardula. "1979ko ekainaren 3an hil zuen guardia zibil baten subfusilak ekintzaile ekologista Tuteran, bilkura bakezale batean zela, eta hilketa horrek piztu zuen erreakzioa nekez ahaztuko dute askok: greba orokorrak geldiarazi zuen Euskal Herria, eltze antinuklearrak gainezka egiteraino".

Biografia horretarako, bera ezagutu zuten lagunekin hitz egin genuen, arakatu genituen orduko dokumentuak, hemeroteka, buletinak, aktak, mezuak... eta argitara ekarri ezezagunak ziren datuak.

"Berrogei urte hauetan inpunitatearen itzala gailendu zaio egunsentiari, Gladys hil zuen agenteak ez baitu egindakoagatik ordaindu, bai dominak jaso", zioen Apaolazak. "Bertsio ofizialaren tindu beltzak orbandu du kontakizuna. Baina... ez ez ez! Hura ez zen zorigaiztoko istripua izan, urte haietan gure bazterrak ke-botez eta berunez josi zituen errepresio kalkulatu baten ondorioa baizik. Eta Gladys ez zegoen Ebroko zubi hartan kasualitatez, bere konpromiso eta izaerak eraman zuen haraino".

>>> Irakurri artikulua osorik.