Gladys Del Estal ekologista donostiarra Tuterako jaialdi baketsu batean tiroz hil zuen guardia zibil batek; 41 urte beteko dira asteazken honetan. Tuteran elkarretaratzea egingo dute asteazkenean bertan, Bardenas Antimilitaristas kolektiboak deituta, eta Donostian larunbaterako antolatu dute omenaldia Eguzki eta Gladys Gogoan taldeek.
José Martínez Salas guardia zibilak buruan tiro bat jo zion Gladys Del Estal ekintzaile donostiarrari 1979ko ekainaren 3an, Tuteran antolatu zen jaialdi antinuklearrean. Asteazken honetan, elkarretaratzea antolatu du Bardenas Antimilitaristas kolektiboak Tuterako Ebroko zubian. Lore bana eramateko eskatu diete parte-hartzaileei.
Larunbatean berriz, ekintzailearen izenez ezagutzen den parkean bilduko dira Donostiako Egia auzoan, 12:30ean. Aurreskua, lore-eskaintza eta abestiak prestatu dituzte, eta ohi baino laburragoa izango da ekitaldia, distantziak mantenduz, koronabirusa dela-eta.
Antolatzaileen hitzetan, “zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura” ezin da ahaztu eta gainera, aitortza ofizialik ez dela iritsi salatu dute. Del Estal Tuterako manifestazioan parte hartzera eraman zuten arrazoiak egungo krisiak areagotu baino ez dituela egin eta “ingurumena eta pertsonak gehiago errespetatuko dituen ekoizpen, kontsumo eta bizimodu aldaketa” baten beharra dagoela gogorarazi dute.
Guardia zibil hiltzailea, kondekoratua
Epaileak arduragabekeriaz jokatu eta heriotza eragiteagatik 18 hilabeteko gutxieneko zigorra ezarri zion Martínez Salas guardia zibilari –Espainiako Auzitegi Gorenak 1984an berretsi zuen kondena– eta ez da segurua espetxean egonaldirik egin ote zuen. ARGIAk jaso genuenez, zigortua izan eta bi hilabete eskasera guardia zibila kondekoratu egin zuten.
Del Estalen hilketak piztu zuen erreakzioa nekez ahaztuko dute askok: greba orokorrak geldiarazi zuen Euskal Herria, eltze antinuklearrak gainezka egiteraino. Urko Apaolazak sakon landu zuen gaia Eguzkiaren alaba hil ziguten erreportajean.