argia.eus
INPRIMATU
Gladys del Estal omendu dute bere heriotzaren 41. urteurrenean
  • Larunbatean Donostian eta asteazkenean Tuteran oroitu dute ekintzaile ekologista. Koronabirusaren krisiaren testuinguruan Estalen borroka “erabat indarrean” dagoela adierazi dute Donostian.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 08a
Donostiako omenaldia. Argazkia: ARGIA

Dozenaka lagun bildu ziren Donostian Eguzkik eta Gladys Gogoan taldeek deitutako omenaldian. Aurten 41 urte bete dira Guardia Zibil batek Gladys de Estal hil zuela Tuteran, tiroz. Estalen oroitarrian loreak ezarri zituzten partaideek, aurreskua eskaini zioten, eta zenbait kanta abestu zituzten.

Normaltasun “benetan berria”

Hizlarien lehenbiziko hitzak Zaldibarrentzako izan ziren. Mobilizazioak zeuden deituta egun berean Zaldibar eta inguruko herrietan, bi langileren heriotzatik lau hilabetera. Iragana, oraina eta etorkizuna lotu zuten deitzaileek: “Gladys ez dugu gutako bat izan zelako bakarrik gogoratzen. Gladys gogoratzen dugu, oroz gain, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudelako”. Koronabirusaren krisiak arrazoi horien beharra areagotu duela adierazi zuten, “ingurumena eta pertsonak gehiago errespetatuko dituen ekoizpen-, kontsumo- eta bizi-modu aldaketa baten beharra”.

Alarma egoeraren eta konfinamenduaren arintze fasean gauden honetan, etorriko den normaltasun berria normaltasun zaharraren itxura berdina izango duela salatu zuten Donostian, desberdintasunak eta bidegabekeriak sakonduz gainera: krisi ekologikoa, prekarietatea, askatasunen murrizketa... “Guk normaltasun berri benetan berria behar dugu”, aldarrikatu zuten.

Tuteran, asteazkenean

Tuteran asteazkenean omendu zuten Gladys del Estal, Bardenas Libres mugimenduak antolatuta. Donostiarra gogoratzen duen plakan loreak ezarri zituzten bertan bildutakoek.

 

 

 

Jendetsua izan da aurten ere Gladys del Estalen omenaldia. Argazkia: Eguzki.

 

 

 

 

 

 

Tuteran ere oroitu zuten ekintzaile ekologista, bere omenez ezarritako plakaren ondoan. Argazkia: Eguzki.