argia.eus
INPRIMATU
ARGIA-ren ikerketa
Gladys Del Estal hil zuen guardia zibila zigortua izan eta bi hilabetera kondekoratu zuten
  • Gladys Del Estal ekologista jaialdi baketsu batean hil zuen agentea, 18 hilabeteko kartzelara zigortu zuen Iruñeko Lurralde Auzitegiak 1981eko abenduan. Hortik gutxira jaso zuen domina, oraindik zigorra bete gabe zuela.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 27a
Duela 40 urte hil zuen guardia zibilak Gladys Del Estal (lurrean) Tuteran, buruan tiro bat jota.

José Martínez Salas guardia zibilak buruan tiro bat jo zion Gladys Del Estal ekintzaile donostiarrari 1979ko ekainaren 3an Tuteran antolatu zen jaialdi antinuklearrean. Epaileak arduragabekeriaz jokatu eta heriotza eragiteagatik 18 hilabeteko gutxieneko zigorra ezarri zion –Espainiako Auzitegi Gorenak 1984an berretsi zuen kondena– eta ez da segurua espetxean egonaldirik egin ote zuen.

ARGIAk jakin duenez, zigortua izan eta bi hilabete eskasera guardia zibila kondekoratu egin zuten. Urko Apaolaza kazetariak Larrun gehigarrirako egindako ikerketan azaldu du aurkikuntza. Martínez Salasi Guardia Zibilaren Merituaren Gurutze Zuria eman zioten 1982ko otsailaren 15ean; Estatuko Aldizkari Ofizialean ageri da bere izena, Barne idazkariordeak sinaturiko erresoluzio batean.

Jakina zen Gladys Del Estalen hiltzaileari meritu militarraren beste sari bat eman ziotela, geroago, 1992an. Eta garai hartako Barne ministro Jose Luís Corcuerak berak Madrilgo kongresuan erabaki hori justifikatu zuen, esanez guardia zibilak zigorra beteta zuela jadanik eta eskubidea zuela.

Orain deskubritu dugun kondekorazioa oharkabean igaro zaie historialari eta abokatuei, eta hankaz gora jartzen du Espainiako Gobernuaren argudioa, zigorra bete gabe zuela eman baitzioten hiltzaileari saria; legezkoa den ere argitu beharko litzateke.

Apaolazak bere lanean dioenez halako kondekorazioen legitimitatea ere ezbaian dago, are gehiago Gurutze Zuria jasotzeko baldintzak irakurrita. 1976ko lege frankista batean oinarritzen da eta guardia zibilak “aparteko gaitasun profesional nahiz gizalegezkoak” erakutsi behar ditu eta “jokabide eredugarria” izan.

Gladys del Estalen bizitza eta heriotzari buruzko lan sakona

40 urte beteko dira aurten Gladys Del Estal ekintzailearen heriotzatik. ARGIAk bere biografia osatu du Larrun gehigarrian, orduko mugimendu antinuklearraren testuinguruan. Argazki artxiboak eta agiritegiak, espedienteak, hemeroteka, WikiLeakseko kableak eta erakundeetako aktak arakatu ditu kazetariak lan hori egiteko.

“Berrogei urte hauetan inpunitatearen itzala gailendu zaio egunsentiari”, dio Apaolazak. Eguzkiaren alaba hil ziguten erreportajean, Gladys Del Estalen bizitzari buruzko alderdi ezezagunagoak ere ageri dira: “Gladys ez zegoen Ebroko zubi horretan kasualitatez, bere konpromiso eta izaerak eraman zuen haraino”.

Gehigarria aste honetan iritsiko zaie ARGIA babesten duten kideei, eta ostegunetik aurrera interneten ere irakurgai egongo da.