argia.eus
INPRIMATU
Heriotzaren 40. urtemuga
“Gladys Del Estal ez da bigarren mailako biktima bat”
  • Gladys Gogoan ekimenak, Kalapie elkarteak eta Eguzkik bizikleta martxa egingo dute Donostian ekainaren 1ean, militante ekologista hil zutela 40 urte betetzen direnean. Horrez gain, egitarau zabala antolatu dute, Donostian, Iruñean eta Tuteran.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko maiatzaren 16a

Gladys Del Estalen lagunek eta elkarte ekologistek urtero antolatu ohi dituzte militante antinuklear eta bakezalea omentzeko ekitaldiak. Aurtengo egitaraua berezia da ordea, 40 urte igaro baitira guardia zibil batek buruan tiroa jota hil zuela Tuteran.

Ekainaren 1ean hasi eta asteburu osoan luzatuko dira ekitaldiak. Donostian bizikleta martxa batekin hasiko dira. Hain justu, duela 40 urte Gladys Del Estalek antolatu zuen haurrekin antzeko martxa bat, bera hil baina egun bat lehenago; ordukoa dugu hil aurreko bere azkeneko argazkia. Herri bazkari batek segida emango dio ekitaldi horri.

Horrez gain, EHUko informatika fakultatean erakusketa bat jarri eta omenaldia egingo diote –gela batek bere izena eramango du hemendik aurrera–, han ikasi baitzuen ekologista donostiarrak. Eta Tuteran, urtero legez, tiro eremuaren kontrako martxan gogoratuko dute. Programazio guztia hemen ikus daiteke.

 1979ko aldarrikapenak bizirik: nuklearren eta armen kontra

40. urtemugaren adierazpenean, Gladys Gogoan ekimenak nabarmendu du 1979ko aldarrikapenek indarrean dirautela. Hala, Garoñako hondakin nuklearrek Ebroko urak eta Erriberako ortuak mehatxatzen jarraitzen dutela diote, eta Bardeetako tiro eremua ez da itxi.

“Gladys Del Estalen oroimenak, bizia defendatzearren paradoxikoki hil zen emakume gazte baten memoria horrek, ekofeminismoaren baloreak aitortzeko eta sakontzera deitzen digu, energia nuklearrik eta armarik gabeko bizitza aldarrikatuz”, diote adierazpenean.

Adierazpen berean garbi utzi nahi izan dute Gladys Del Estal ez dela “bigarren mailako biktima” bat eta senide eta lagunek eskubidea dutela Estatuak egindako mina aitortu dezan.

Gogorarazi dute, bera hil zuen guardia zibilak bi kondekorazio jaso zituela, bata 1982an eta bestea 1992an –lehen kondekorazio horren berri ARGIAn egindako ikerketa baten bidez jakin dugu–. “Egin dituen akatsak aitortzeko eta konpontzeko Estatuak duen interes faltak Gladys Del Estalen oroimena mantentzera bultzatzen gaitu”.