"Larunbatean Gladys gogoratu eta borrokan jarraitzeko gogoak ditugula ospatzeko bilduko gara", adierazi dute antolatzaileek.
Gladys del Estal Ferreño Egia auzoko Kolektibo Ekologista taldeko kidea zen, baita Talde Antinuklearrekoa eta etxegintza-espekulazioaren aurka aritzen zen Hirigintza eta Ingurumen Batzordekoa ere. Bere gurasoak, Enrike del Estal Añorga eta Eugeni Ferreño euskal herritarrak ziren. Enrique del Estal eusko gudaria izan zen Espainiako Gerra Zibilean. Gerraondoan, Venezuelako Caracas hirian errefuxiatu ziren. Gladys 1956. urtean jaio zen bertan, eta artean lau urteko zelarik, Euskal Herrira itzuli zen familia osoa.
1979ko ekainaren 3an, Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunean, José Martínez Salas guardia zibilak Gladys bertatik bertara tiro eginda erail zuen, Tutera hirian. Bardeetako tiro eremuaren aurka, energia nuklearraren aurka eta Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntza geldiaraztearren eginiko ekitaldi batean parte hartzen ari zen Gladys.
Lekukoek diotenez, José Martínez Salasek "tía buena" (euskaraz, neska katxarroa) esan zion Gladysi, Gladysek «hijo de puta» (euskaraz, putakume) ihardetsi eta orduan Martínez Salasek bere armaren kulatarekin jo zuen; Gladys lurrera erori zen, eta, altxatzen ari zela, Martínez Salasek tiro egin zion buruan. Tiroa garondotik sartu eta sudurretik atera zitzaion. Gladys ospitalera eraman zuten, larri zaurituta, eta laster hil zen. 22 urte zituen Gladysek.
Larunbatean 44 urte betetzen dira Guardia Zibilak inpunitate osoz egindako hilketa honetatik. Eguzki talde ekologistak omenaldia egingo dio Donostiako Egia auzoko Gladys Enea parkean.
Eguzki taldeko militantea den Waldo izan dugu Hizpidean. Hemen entzungai.