argia.eus
INPRIMATU
“GKSren inguruko kale borroka taldea” izatea leporatzen die Poliziak Iruñeko atxilotuei
  • “Talde kriminala” osatzea leporatzen die Espainiako Poliziak gazteei, egituratua eta iraunkorra, ekintza bortitzak antolatzea lukeena helburu. Gazteak Indar Gorrirekin ere lotzen ditu Poliziak.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 03a
Mobilizazio jendetsuak egin ziren atxiloketak salatzeko. Argazkia: ekinklik.org.

Espainiako Poliziak oharra kaleratu du, iragan astean epaitegietatik pasa ziren hamabi gazteen (hamar atxilotuak izan ziren eta beste bi deklaratzera aurkeztu ziren) ustezko delituak plazaratuz. Oharraren arabera, urtebete darama Poliziak gazteak ikertzen.

Talde kriminala

Bortxazko ekintzak burutzeko “talde kriminala” osatzea leporatzen die auzipetutako gazteei Poliziak. “Helburu kriminal komuna da indarkeriazko ekintzak modu antolatu eta koordinatuan egitea, eta, horretarako, arau-hauste penalak egitea, batez ere, desordena publikoak, edukiontziak erretzea, hiri-altzarietan kalteak eragitea eta Poliziaren aurka liskartzea”, Poliziaren arabera. Talde kriminala osatzea leporatzeko, beharrezkoa da ustezko delituek iraunkortasuna izatea denboran, eta iraunkortasun hori frogatutzat ematen du. Talde oso kohesionatua eta egituratua osatzea leporatzen die gazteei –egituratuta egotea ere ezinbestekoa da talde kriminala leporatzeko–. Kohesio horren berme bezala aurkezten du haurtzarotik elkar ezagutzea, “ezker abertzale erradikalaren hainbat egituratan (gaur egun Gazte Koordinatzaile Sozialista –GKS–) duten militantzia”, eta gazteetako batzuek “Indar Gorri 'Ultra' taldeko kide izatea”. Kideetako batzuk “Amnistia ta Askatasuna” taldearen hurbilekoak direla ere esaten du Poliziaren oharrak.

2020ko azaroko istiluak

2020ko azaroaren 7an Arrotxapeako auzoan izan ziren istiluei aipamen zehatza egiten die Poliziaren oharrak. Egun horretan GKS antolakundeak manifestazioa deitu zuen Iruñeko Alde Zaharrean. Beranduago istiluak Arrotxapean piztu ziren, eta Poliziak bi gertakariak lotzen ditu, eta ustezko talde kriminal hori egiten du istiluen arduradun.