argia.eus
INPRIMATU
GKSk Israelen genozidioan PSOEren “konplizitatea” salatu du eta Ertzaintzak gogor egin du beren aurka
  • Ostiralean Palestinaren alde egin zuten kontzentrazioan Ertzaintza “gogor oldartu” zela nabarmendu du Gazte Koordinadora Sozialistak.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 06a
PSOEren egoitzari eta Ertzaintzari pintura gorria bota zioten. Gedar

GKSk Palestinaren aldeko elkarretaratzea egin zuen ostiralean Donostiako PSOEren egoitza parean. “Israelen genozidioa salatzeko bildu gara, baita Espainiako Gobernuak duen erantzukizuna salatzeko ere”, adierazi zuten kideek. Taldeak “jazarpen poliziala” salatu du, eta jakinarazi du kide ugari zauritu eta pertsona bat atxilotu dituela poliziak.

Israel genozida, PSOE sarraskiaren erantzule zioen pankartak. Manifestariek PSOEren kontrako oihuak egin zituzten, "sionista" eta "Israelen konplize" izatea leporatuz.

GKSk adierazi du Ertzaintza bertaratu eta egoitza aurrean kokatu dela: “Horren ostean, gogor oldartu da manifestarien kontra. Borrak eta gomazko pilotak erabili ditu gazteen aurka, protesta zapaltzeko”. Bestalde, kargak hainbat zauritu eta atxilotu bat utzi dituela adierazi du. “Ordena publikoa ez errespetatzea” eta “agintaritzaren aurkako atentatua” egotzi diote atxilotu duten pertsonari. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak PSOEren egoitzara pintura gorria jaurtitzea leporatu die manfiestariei. Honela geratu zen egoitza.

PSOEren egoitzari pintura gorria bota zioten. Gedar
Honela geratu zen PSOEren egoitza Gedar

Naizek sare sozialetan zabaldutako bideo bat jaso du. Liskarrean ertzainek ea Taser pistolak erabili dituzten galdera egiten du artikulugileak.

Hemen bideoa: