argia.eus
INPRIMATU
GKSk “proletariotzaren antolakuntza independenteari” egindako mehatxutzat jo du jasandako kriminalizazioa
  • El Mundo egunkariak mugimendu sozialistari buruz argitaratutako erreportajeari "oligarkiaren zerbitzura dagoen egunkari baten bitartez egin den maniobra politiko-soziala" deritzo GKSk. Egin duten irakurketaren arabera, argitaratutako informazioarekin ez dituzte soilik beraiek mehatxatu nahi izan, baizik eta "proletariotzaren antolakuntza independentea" oro har.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 20a
Argazkia: Gedar.eus

La gran convocatoria de los nuevos "cachorros" (Kume berrien deialdi handia) titularra zeraman urriaren 17ko igandez El Mundo egunkariak Crónica gehigarrian argitaratutako erreportajeak. Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleak-ek (IA) deituta Altsasun gauzatutako Gazte Topagune Sozialista abiapuntutzat hartuta, Leyre Iglesias kazetariak sinatutako lerroek mugimendu sozialista ETArekin eta kaleko istiluekin lotzen zuten, aurrera begirako balizko mehatxu gisa aurkeztuz. Zehazki, Francisco Osorio izenez aurkezten den ikerlari baten hitzok ixten dute erreportajea: "[ETAren] etetetik hamar urte pasa diren honetan, ez dakigu Sortu eta Bildurekin atsekabeturik dauden gazte horiek indarkeria adierazpen baten germena izango diren ala ez".

Mugimendu sozialistako gazteez mintzatzerakoan, zehaztasunetan sartu da egunkaria. Erreportajearen goiburuan zortzi pertsonaren erretratuak erakusten ziren, denak mugimendu sozialistako militanteak, eta argazkiekin batera beren izen-abizenak, adina, jaioterria eta mugimenduan ustez zein funtzio duten zehazten zen. Seinalizazio hori eta mugimenduari buruz esaten eta iradokitzen direnak tarteko, argitaratutakoak arrabotsa sortu zuen publiko egin orduko.

Asteartean plazaratu du gertakizunen inguruko gogoeta oharra GKSk. Jasandako kriminalizazioa "oligarkiaren zerbitzura dagoen egunkari baten bitartez egin den maniobra politiko-soziala" dela salatu dute, beren begietara xede zehatza duena: antolakuntza komunista seinalatzea. "Espainiako eta Europako enpresari handiak, mafiosoak eta bankariak zerbaiten beldur badira eta zerbait ia ezerezean uztea lortu badute, hori antolakuntza komunista da", adierazi dute.

Egindako irakurketaren arabera, gertakaria ez da "euskal gazteriaren aurkako eraso soila" eta beren mugimenduaz harago doa; izan ere, beren arabera, erreportajea "proletariotzaren antolakuntza independenteari eman zaion abisua eta egin zaion mehatxua" da. Horren aurrean, "defentsa posible bakarra" antolakuntza politiko independentea indartzea dela azpimarratu dute: "Gauzak horrela, oinarrizko eskubideen murrizketaren eta errepresioaren aurrean, askatasun politikoak defendatzeko oinarri sendo bat eraikitzeko antolakuntza lana berresten dugu, eta hori proletariotza osoaren zeregina da. Kolektibo proletario eta gizabanako orori dei egiten diogu pobretzea, eskubiderik eza eta errepresioa ezaugarri dituen oligarkiaren erasoaldi berri honen aurrean indarrak batzeko".

Beren aldetik, sozialismoarekin eta klase eta zapalkuntzarik gabeko gizarte demokratikoa eraikitzearekin duten konpromisoan berretsi gura izan dute oharraren bidez.