Urriaren 31tik azaroaren 2ra Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleak-ek Gazte Topagune Sozialista egin dute Altsasun (Nafarroa). Europan eta Euskal Herrian hedatzen ari diren “proiektu atzerakoiak” jarri dituzte jomugan eta joera horiei ez dietela indarra hartzen utziko adierazi dute.
Hiru egunez hainbat ekintza, ekitaldi eta mahai-inguru egin dituzte. Antolatzaileek adierazi dute "jendetza" elkartu dela, eta manifestazioan "milaka" lagun.
Ekitaldi nagusia azaroaren 2an izan da, Altsasuko kaleetan egindako manifestazioaren ondoren. GKS-k eta IA-k hitzartzea egin dute.
Gazte Topagune Sozialistaren antolatzaileek “ikuspegi internazionala” aldarrikatu dute, eta horrekin batera, jakinarazi dute Euskal Herrian alternatiba sozialista “indartsu bat sendotu dadin” lan egingo dutela. Azpimarratu dute Euskal Herriko “alderdi politiko profesional guztiek” dituztela proiektu kapitalistak, “desberdinak”, baina “kolore bateko eta besteko Euskal Herri kapitalistak antzekotasun ugari” izango dituela. Adibide batzuk eman dituzte: Azpeitian eta Aramaion eolikoak jarriko direla, alokairu garestiak ordaintzen segi beharko dutela langileek, beharginentzako osasungintza desegin eta burgesentzako puntako osasun sistema egongo dela...
Arrazakeria eta matxismoa
Diskurtsoan Europan eta Euskal Herrian hedatzen ari diren “proiektu atzerakoiak” jarri dituzte jomugan. Gehitu dute alderdi politiko eta kolektibo ultraeskuindarrek bi zutabe dituztela komunean, batetik, arrazakeria eta matxismoa, eta bestetik, “kapitalismo autoritario baten aldeko apustua”. GKSk eta IAk adierazi dute Mugimendu Sozialistak ez diela joera horiei indarra hartzen utziko. Konpromisoa azaldu dute adin, genero, erlijio eta jatorri ezberdinetako langileek “sozialismoaren borrokara batzeko bideak eraikitzeko”.
Nazioarteko panorama
“Gerra-testuinguruaz” ohartarazi dute. GKSk azpimarratu du gerra ez dela ausaz gertatzen eta kritikatu du Mendebaldeko estatuek gerraren aldeko hautua egin izana. Gehitu du “politika kriminal” horien ondorioak “betikoek” pairatzen dituztela, hau da, langile klaseak eta batez ere periferiako herri langileek. Ekialde Hurbila izan dute gogoan, eta Israelen desagerpena aldarrikatu dute. Elkartasuna adierazi diete Palestinari, Libanori, Siriari eta Yemeni, “baita munduko estatu inperialistek zapaldu eta esplotatzen dituzten herrialde guztiei ere”.