argia.eus
INPRIMATU
Gizonik gabeko musika jaialdia, “behar bezala jokatzen ikasten duten arte”
  • Emaitza latza utzi berri du Suediako musika jaialdi ospetsuenetakoak: lau bortxaketa salatu dituzte eta beste 23 sexu-eraso. Hori ikusita, 2018ko edizioa bertan behera utzi dute antolatzaileek, baina alternatiba aurkeztu dute berehala: egingo da jaialdirik, baina gizonezkorik gabe, "behar bezala jokatzen ikasten duten arte".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko uztailaren 11

Bråvalla rock jaialdiaren alternatiba hau diskriminatzailetzat jo dute batzuek, baina jai giro masifikatuetan behin eta berriz errepikatzen den indarkeria matxista bistaratzeko eta lezio bat emateko modua izan nahi du erabakiak. "Emakumeak seguru sentitu ahalko diren jai giroa sortzea da helburua", adierazi du Emma Knyckare ekimenaren bultzatzaileetakoak.

Bråvallaren 2016ko edizioan ere, bost bortxaketa eta 12 sexu-abusu sufritu zituzten emakumeek, eta horren eraginez, Mumford and Sons taldeak eta Zara Larsson musikariak adierazi zuten ez zutela berriro parte hartuko festibalean. 50.000 lagun inguru biltzen ditu jaialdiak urtero.

Gizonak noiz? "Bortxatzeari uzten diotenean"

Jaialdia erreferente bihurtzea eta urte luzez mantentzea espero duela gehitu du Knyckarek, eta gizonek noizbait parte hartu ahalko duten galdetu diote kazetariek. Argi du berak: "Bai, bortxatzeari uzten diotenean".