Ibilbide moreak: Emakume gazteen egoera lan munduan txostena aurkeztu du EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Administrazioari eta enpresei dei egin die, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde lan egin dezaten.
Txostenaren aurkezpenean helburua “emakumeen eta gizon gazteen laneratzea berdina zen aztertzea” izan dela azaldu du Maialen Olabe EGK-ko buruak. Gaineratu du desberdintasunak hasiera-hasieratik daudela: “segregazio horizontala” dago ikasketak aukeratu behar dituztenean, esaterako.
Soldata arrakalaren arrazoi nagusietako bat lanaldi mota dela azaldu du Olabek: emakumeen %48,9k lanaldi partziala du, gizonezkoen bikoitza baino gehiagok (gizonezkoen %22,1ek du lanaldi partziala).
Emakumeek lehen laneratzean estetika eta amatasunarekin loturiko jazarpen matxista jasaten dutela azaldu du Olabek, eta enpresei dei egin die, sexu jazarpenaren aurkako protokoloak martxan jarri ditzaten. Genero ikuspegia “negoziazio kolektiboan, lan arloko segurtasun formakuntzan eta politikak diseinatzeko orduan” aintzat hartzeko eskatu die.
Administrazio eta sindikatuekin harremanetan jarriko direla iragarri du gazteriaren kontseiluak. Administrazioari eskatu dio Berdintasun planen “jarraipena eta ebaluazio kontrol altuagoak” egin ditzan, “emakume gazteen galeren aurka egiteko”. Hala ere, Berdintasun planetatik at negoziaketarako aukera izatea ezinbestekotzat jo dute, Berriak jaso duenez: “Negoziazioan gizonezkoen nagusitasun bat dago; ekonomikoki kementsuak diren arlo ekonomikoetako sektoreen ordezkaritza maskulinoa da, eta emakumezkoen begirada eta ahotsa ez da heldu”.
Txostena jada eskegia duzu gure webgunean. Irakurri eta helarazi zure iritzia https://t.co/darlobRpeZ #IbilbideMoreak
— Gazteria Kontseilua (@GazteKontseilua) 20 de septiembre de 2016