argia.eus
INPRIMATU
Gizonezkoek ere lehiatu ahal izango dute igeriketa artistikoan 2024ko Joko Olinpikoetan
  • Nazioarteko Olinpiar Batzordeak onartu du gizonezkoek ere lehiatu ahal izango dutela taldekako igeriketa artistikoan, 2024an Parisen egingo diren Joko Olinpikoetan.

Jon Torner Zabala @jtorner 2022ko abenduaren 29a
Argazkia: Fina.org

World Aquatics erakundeak –Nazioarteko Igeriketa Federazioa zenak– jakinarazi du zortzi taldekideetako bi gizonezkoak izan daitezkeela, Munduko Txapelketetan 2015az geroztik gertatzen den moduan. Herrialde bakoitzak erabakiko du taldean gizonezkoak sartu ala ez.

Igeriketa artistikoa, 2017ra arte igeriketa sinkronizatua eta lehenago balet akuatikoa deitua, 1984az geroztik da kirol olinpikoa, emakumezkoen mailan soilik. 1941a arte diziplina mixtoa zen, baina urte horretan generoak bereiztu zituzten –mutilek abantaila biologikoa zutelakoan– eta gizonezkoenak indarra galdu zuen apurka-apurka, Joko Olinpikoetatik kanpo geratzeraino.

World Aquatics erakundeko presidente Husam Al-Musallam-en hitzetan, gizonezkoak igeriketa artiskikoaren parte izateak horren alde lan egin duten guztien ahalegina aitortzen du.