Apirilaren 19an izan zen gertakaria, Tolosan, eta biktimak atzo jarri zuen salaketa Donostiako Epaitegian. Ertzaintzak atzo gauean atxilotu zuen erasotzailea eta gaur deklaratu du epailearen aurrean. Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan, Tolosako Plaza Zaharrean.
Eraso matxista baten berri eman du Ertzaintzak, gaur. Pasa den asteko ostegunean, apirilaren 19an, gertatu zen bortxaketa. Tolosako etxebizitza batean izan zen.
Tolosako Udalak "irmoki" salatu du bortxaketa eta "emakumeari zuzeneko elkartasuna eta babesa" adierazi dio. "Indarkeria mota honi aurre egiteko dituen zerbitzuak eta tresnak bere eskura" jarri dituela ere esan du.
Era berean, Tolosako Udalak adierazpen instituzionala onartu du, aho batez, eta Tolosaldeko Emakume Taldearekin eta Mugimendu Feministarekin batera, elkarretaratzea deitu du, gaur arratsaldeko 19:00etarako, Plaza Zaharrean, Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde lelopean. 15 minutukoa izango da eta herritarrei parte hartzeko deia egin die.
Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.