argia.eus
INPRIMATU
Gizonezko bat atxilotu dute Iruñean 20 urteko emakume bat erail izana egotzita
  • Iruñeko Udaltzaingoak 27 urteko gizon bat atxilotu du Errotxapea auzoko Carmen Baroja Nessi kalean. Emakumearen aitak salatu du gizonak heriotza-mehatxuak egin zizkiola aurretik, eta Poliziari jakinarazi ziola, baina "ez zutela ezer egin".

     
Julene Flamarique 2024ko urriaren 09a
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako elkarretaratzea Iruñeko Gaztelu plazan Ahotsa.info

Erasoa gaueko 01:15ean jazo da Errotxapeko etxabe batean. Diario de Noticias egunkarian azaldu dutenez, 20 urteko gaztea lokaleko logela batean zegoenean gertatu da erasoa. Gizonak kolpeka apurtu du atea eta hainbat aiztokada eman dizkio, horietako batzuk bularrean.

Iruñeko Udaltzaingoa, anbulantzia bat eta osasun langileak bertaratu dira lekura. Emakumea Nafarroako Unibertsitateko Ospitalera eraman dute eta han hil egin da zauriak direla eta.

Emakumearen aitak Diario de Noticias-en adierazi duenez, “krimen hau ekidin zitekeen”. Izan ere, gertatu baino lehen heriotza-mehatxua egin izan dio 20 urteko gazteari, eta haren aitak hiru bider salatu izan du. Aitak berretsi du astelehenean gizonezkoak “bere alaba eta bikotekidea mehatxatu zituela”, eta Espainiako Poliziak deus ez zuela egin: "Etorri eta joan egin ziren. Ez zuten besterik egin. Hori guztia ekidin zitekeen", salatu du.