argia.eus
INPRIMATU
Gizonezko bat atxilotu dute Donostian, bikotekideari sexu erasoa egitea leporatuta
  • Astelehenean jazo zen erasoa, Donostiako hotel batean. Egun gutxitan argitara emandako hirugarren indarkeria matxista kasua da, Barakaldon eta Zizurkilen ere jazo baitira erasoak.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 28a
Barakaldoko erasoa gaitzesteko egindako elkarretaratzea, Argitan emakumeentzako aholku etxeak deituta (Argazkia: Ecuador Etxea)

Astelehen gauez 19 urteko gizon bat atxilotu zuen Donostian Ertzaintzak, sexu erasoa egitea leporatuta. Poliziaren arabera, erasoa 01:00ak pasata jazo zen, hiriburuko hotel batean. Atxilotutako gizonak emakumezko bikotekidea derrigortu zuen sexu harremanak izatera.

Erasoa pairatu zuen emakumeak berak deitu zion Poliziari, erasoaren berri emanez. Agenteak gerturatu ziren erasoa jazo zen lekura, eta bertan identifikatu eta atxilotu zuten gizona. Emakumeak markak zituen lepoan, eta ospitalera eraman zuten, artatu zezaten.

Eraso gehiago

Egun gutxiren barruan argitara emandako hirugarren eraso matxista litzateke Donostiakoa. Zizurkileko Udalak asteartean jakinarazi duenez, udalerriko emakume batek eraso matxista pairatu du; erasoaren berri eman eta berau gaitzetsi du udalak, baina xehetasun gehiagorik eman gabe. Bestetik, larunbat gauez gizon bat atxilotu zuen Udaltzaingoak Brakaldon, bikotekideari kuter batekin mehatxu egiteagatik. Emakumeak jakinarazi zuenez, ez zen eraso egiten zion lehen aldia, eta urruntze agindua ere eskatua zuen.