argia.eus
INPRIMATU
Gizonesfera: sarean ideologia misoginoa eta antifeminista zabaltzen duen komunitatea
  • Uste baino gehiago zabaldu da gizonesfera edo manosfera Euskal Herrian. Asier Arizkorreta Emagin Elkarteko formatzailea, Gizonesferaren jatorriaz, estrategiaz, edukiaz, eta horri aurre egiteko estrategiez mintzatu da Iruñeko Txantrea auzoan.

Olaia L. Garaialde 2024ko martxoaren 05
Irudia: 313.000 jarraitzaile dituen Libertad y lo que Surga youtuberra. "La xarxa ultra": Com l'extrema dreta s'instal·la al mòbil dels joves dokumentaletik hartuta

Martxoa 8aren harira, Txantrea Feministak taldeak antolatuta, gizonesferaz mintzatu da Asier Arizkorreta. Galdera batekin abiatu du hitzaldia: “Zenbatek dakizue zer den manosfera?”. Gutxi batzuek altxatu dute eskua. Ideologia misoginoa eta antifeminista duten interneteko foroek osatzen dute gizonesfera. “Uste dut kasu honetan azpimarratu behar dela antifeministak direla zuzenean erasotzen dutelako feminismoa”, esan du Arizkorretak. Estatu Batuetatik datorren korronte bat da, eta Euskal Herrira 2010. urtean iritsi zen.

Zenbait kolektibok osatzen dute komunitatea, eta gizonak egotez gain, emakume eta gizon homosexual batzuk ere badaude. Arizkorretaren ustez, beren diskurtsoa “indartzen” du horrek. Kolektiboetan antolatuta daude, eta guztiek eduki sortzaileak dituzte. Youtube, Forocoches, Intagram, 4chan eta Tiktok bezalako plataformen bidez zabaltzen dute mezua: gezurrak zabaltzen dituzte; sasizientzian, sasihistorian edo sasipsikologian oinarritzen dira; ikerketa partzialak erakusten dituzte; indarkeriari garrantzia kentzen diote; emakumeei errua botatzen diete eta gizonak biktimizatzen dituzte.

Mezu misogino eta antifemista horiek, feminismoaren lorpenen kontrako erantzunak direla azaldu du Arizkorretak: “Feminismoak aldaketa sozial bat lortzen duen bakoitzean maskulinitate krisi bat dago, eta gizonesferak erantzuten du”.

Gizonen eskubideen aldeko mugimendua

Foro horiek hobe ulertzeko, denboran atzera egin du Arizkorretak: “Genealogiari erreparatzen badiogu gizonok hartu ditugu botere espazio guztiak”. XIX. Mendeko gizon taldeez, kuadrillez eta gastronomia elkarteez, eta bertan gizonek duten botereaz mintzatu da: “Ez zen beharrezkoa beste espazio bat hartzea”.

70. hamarkadan kokatu du gizonesferaren sorrera, orduan sortu zelako Gizonen Eskubideen Aldeko Mugimendua (MRA, Mens right actrivism), bigarren olatu feministaren kontra: “Legean aldaketak egiten ari zirenean esaten zuten gizonek ere arazoak dituztela, baina ez zituzten patriarkatuarekin lotzen”. Ostean mugimendua bitan banatu zen; alde batetik, estatuari eta instituzioei errua botatzen dioten gizonak, eta, bestetik, feministenei errua botatzen diotenak: “Azkenak izan dira indarra hartu dutenak”.

Autolaguntzari lotutako liburuak sortu zituzten, eta , esaterako, estoizismoari lotutako mezuak zabaltzen hasi ziren: “Aitatasun estoikoak adibidez, indar handia hartu du, eta mina onartu behar dela eta emozioak ez direla adierazi behar dioten diskurtsoak zabaldu dira”. Hortik etorritako mezu asko gaur egun ikus-entzunezkoetan daude.

Bertan jasotzen diren mezuak dira, besteak beste, “nola egin aberatsa gorputza indartuz" edota “gaixorik nago, eta botata egon ordez, egurra ematen diot gorputzari”. Batzuek txantxetan hartzen duten arren, beste askok mezu horiek sinesten dituzte: “Batzuetan ez gara jabetzen, baina milaka jarraitzaile dituzte, eta hori kezkatzekoa da”. Jarraitzaile asko izateaz gain, zilegitasun “handia” ere badute. Izan ere, batzuek aurpegia estaltzen zuten hasieran, baina orain ez dute nor diren erakusteko beldurrik.

Kolektiboak

Gizonesfera zabala da oso, eta kolektibo desberdinek osatzen dute. Euren artean izendatzeko hitzak ere sortu dituzte. Alde batetik, Red pill (Pilula gorria) izenekoak daude, eta Matrix pelikulako metafora bati egiten diote erreferentzia: “Pilula urdina hartzen dutenak sistema feministan, aurrerakoian, ekologistan, antiarrazistan... geratzen dira, eta gorria hartzen dutenak gezurretik esnatzen dira, eta “sistemari” kontra egiten diote”. Hortik ere beste izen batzuk sortu dituzte; Mangina gizon feministei erreferentzia egiteko edo Soy boy, ustez, femeninoak diren jakiak –hala nola tofua edo soja– jaten dituztenentzat.

Bestetik, Black Pill (pilula beltza) izenekoak daude. Bizitzarekiko eta harremanekiko begirada nihilista dute, eta uste dute ez dagoela zer egiterik gauzak aldatzeko: “Uste dute egin dezaketen gauza bakarra dela beren gorputzak aldatzea eta gihar indartsuak lortzea”.

Pickup Artists (Sedukzioaren artistak) izenekoak ere badira. 90eko hamarkadan sortu zen komunitate bat da, eta 2000. urtean hartu zuen indarra. Bideoen bidez “ligatzeko teknikak” erakusten dituzte: “Helburua da harreman sentimental edo sexual bat lortzea; eta horretarako, manipulazioa, zintzotasunik eza eta hertsadura erabiltzen dituzte”.

Badira ere emakumeekin harremanik izan nahi ez duten gizonak, Men Going Their Own Way (Euren bidea egiten duten gizonak). Bikotea izatearekin edo ezkontzearekin “kritikoak” dira, eta uste dute instituzioek emakumeak babesten dituztela: “Esaten dute bananduz gero instituzioek haurren zaintza kentzeko arriskua dutela”.

Plano sexual eta erromantikoan “arrakastatsuak” diren pertsonekiko “amorrua” eta “frustrazioa” sentitzen duten gizonak dira Involuntaru Celibates (Nahi gabeko ezkongabeak): “Bikote sexuala edo erromantikoa izateko zailtasun handiak dituzten gizonez osaturiko komunitate bat da”. Horietako batzuek, emakumeen kontrako mendekua adierazteko eraso eta hilketa masiboak egin dituzte.

Gizonek zer?

Gizonesfera arazo “larria” dela, eta ondorio “handiak” eragiten dituela azpimarratu du Arizkorretak: “Honi aurre egiteko ardura handia dugu gizonok”. Horregatik, egoerari aurre egiteko estrategiez mintzatzeko tartea eskaini du: “Ez daukat erantzunik, baina jakin nahi dut zer pentsatzen duzuen. Zer egin dezakegun gizonok?”

Eztabaida sortu du publikoaren artean Arizkorretaren galderak, eta batek adierazi du “zaila” dela gizonez osaturiko taldeetan, batez ere kuadrillan, horrelako jarrerak salatzea eta “arraroa” izatea. Horregatik, Arizkorretak esan du aukera bat izan daitekeela aliantzak sortzea: “Agian talde guztiarekin ezin da, baina pertsona konkretu bat hartu eta esan, bai”. Eztabaidara gehitu da beste pertsona bat: “Ez da isiltzeko garaia, aurre egin behar diogu”.

Hezitzaile eta irakasle asko egon dira hitzaldian, eta askok gazteekiko kezka adierazi dute. Izan ere, batzuek esan dute horrelako jarrerak identifikatu dituztela klasean, baina ez zekitela zein zen jatorria. Zenbait ondorio atera dira: Manosfera existitzen dela jakitea tresna "garrantzitsua" dela; nerabeekin komunitate horren bideoak landuz deseraiki daitekeela; edo bestelako diskurtso eta edukiak sortu behar direla.