1960ko hamarkadan asmatu zuten emakumeentzako pilula antisorgailua, baina gaur egun oraindik zergatik ez dute farmazeutikek gizonentzako pilula antikontzeptiborik bultzatu, zergatik geratu dira bertan behera egindako ikerketak, zergatik gizonek ez dute interesik erakutsi? Arrazoiak ez dira zientifikoak, genero kontua baizik, Adam Watkins ugalketa biologoaren arabera.
Munduan 214 milioi emakumek hartzen dituzte pilula antisorgailuak, eta dirutza mugitzen du horrek. Pilularen arrakastak eragin du farmazeutikek berebiziko indarrik ez egitea gizonentzako soluzio berdina bilatzeko. “Ardura ia erabat emakumearen gain geratu da, eta hori bidegabea da”, dio BBCn Adam Watkinsek, Nottinghameko Unibertsitateko ugalketa biologian irakasle.
Albo-ondorioengatik, gizonek ez dute pilularik nahi
Watkinsek azaldu duenez, teorian esperma sortzeko prozesua kontrolatzeak ez luke zaila izan behar eta horretara bideratutako ikerketak egin dira, baina bertan behera geratu izan dira. Adibidez, albo-ondorioengatik: “2016an, hainbat gizonekin egindako probak erakutsi zuen albo-ondorioak eragiten zituela: pikorrak azalean, egoera animikoan aldaketak eta libidoa igotzea, eta gizonek esan zuten ondorio jasanezinak zirela; hortaz, ikerketak ez zuen aurrera egin. Ondorio horiek, ordea, bigarren mailakotzat jo daitezke, kontuan hartzen badugu pilula hartzen duten emakumeek jasaten dituztenekin: antsietatea, gizentzea, goragalea, buruko mina, libidoa jaistea, odolbilduak…”.
Etorkizuna eta ardura partekatuaren garrantzia
Etorkizunean gauzak aldatuko direla uste du Watkinsek, gizon asko dagoela pilula hartzeko prest, eta antikontzeptibo maskulinoak lortzeko bi ikerketa nagusi aipatu ditu: batek esperma askatzeari mugak jartzen dizkio eta besteak, esperma mugitzea eragozten ez duen arren, espermatozoideei ez die igarotzen uzten.
Gizonentzako pilula egotea ez da nahikoa, gizonek jarrera aldatzen ez badute eta pilula horiek hartzeko prestutasunik agertzen ez badute, gehitu du Lisa Campo-Engelstein doktoreak: “Genero arauetan aldaketarik ez badago, ez dirudi gizonek pilula antisorgailua emakumeek bezainbeste erabiliko dutenik, eskaintza egonagatik. Justizia sozialaren ikuspegitik, ardura antisorgailu partekaturantz egin beharra daukagu. Eta horretarako, hasteko baliabide gehiago eskaini behar dizkiogu gizonentzako metodo antikontzeptiboak garatzeari”.