argia.eus
INPRIMATU
Gizonen pelikulak bakarrik Euskadiko Filmategiaren urteurrenean: zinema-munduko emakumeek emanaldi alternatiboa prestatu dute
  • Euskadiko Filmategiak 40 urte beteko ditu aurten; Kimuak katalogoak berriz, 20. Eta bi efemeride horiekin lotuta antolatu dituzten emanaldietan, ez dute emakumeek zuzendutako lan bat bera ere programatu. Horren aurrean, zinema-munduko hainbat emakumek emanaldi alternatiboa prestatu dute apirilaren 26an.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2018ko apirilaren 25
Mirentxu Loyarteren 'Euskal emakumeak' filma proiektatuz aldarrikatuko dute euskal zinemaren historian emakumeek izan duten lekua (argazkia: Dani Blanco).

Ekimenaren berri ematearekin batera, antolatzaileek adierazi dute Filmategiaren eta Kimuaken urteurrenetan “ezinbestekoak izan diren pelikulak ospakizun honetatik kanpo” geratu direla. Horietako bat da Mirentxu Loyarteren Euskal emakumeak, Ikuska saileko 12. filma izan zena eta euskal emakumeen “errepresentazio konplexu eta anitza” aurkezten duena, antolatzaileen iritziz.

Horregatik aukeratu dute lan hori apirilaren 26an, 20:30ean Azpi Kultur Elkartean (Mundaitz 14, Donostia) antolatu duten emanaldirako. Euskadiko Filmategiaren emanaldi ofizialaren ondoren proiektatuko dute Loyarteren lana eta kezka bat plazaratzeko tresna izan nahi du: berriz ere emakumeen lanak baztertu ondoren, “zein da ospatzen ari garen euskal zinemaren historia?”, galdetu dute prentsari igorritako oharrean. “Nola eraikiko dugu etorkizuna emakumezkoen erreferentziarik gabe?”, gaineratu dute.

Emanaldia kartel honekin iragarri dute.

“Garrantzitsua da urteurrenak ospatzea historiaren atzera begirako bat egiteko. Askotan ekimen hauek egindako ibilbidean etenaldi bat dira eta momentu ezin hobeak dira, elkarrekin burututako lanaz jabetzeko eta indarberrituta etorkizunari aurre egiteko”, azaldu dute antolatzaileek. “Espero dugu etorkizunean zinema egiten duten eta egin zuten emakume guztiak aintzat hartzea”.

Aldarrikapen-kutsua izango du 26ko emanaldiak beraz, baina antolatzaileen esanetan ospakizun ekitaldi bat egitea da beraien asmoa, “gu ere historiaren parte garela ozen aldarrikatzeko eta zinemaren genealogietan parte hartu nahi dugula adierazteko”.

Ekimenarekin 42 lagunek egin dute bat oraingoz: Irati Gorostidi Agirretxe, Arantza Santesteban Perez, Lur Olaizola Lizarralde, Irati Cano Alkain, Irati Crespo Manjarres, Nora Alberdi Odriozola, Itziar Zorita Agirre, Maddi Barber Gutiérrez, Maren Gonzalez Zubeldia, Maider Oleaga, Begoña Vicario, Sara Hernández, Kristina Zorita Arratibel, Lara Izagirre Garizurieta, Itxaso Espinal Etxabarren, Leire Etxeberria Villalón, Leire Abaigar Elorza, Olatz Beobide Egaña, Jone Karres Azurmendi, Elena Gozalo, Aintzane Pérez del Palomar, Maru Solores, Ainhoa Andraka, Zuri Goikoetxea, Maider Fernández Iriarte, Iratxe Fresneda, Saioa Etxebarria, Ana Angulo Umaran, Itxaso Frau Terradillos, Marina Lameiro, Ana Hormaetxea, Estibaliz Sádaba Murguia, Itxaso Díaz, Yurre Ugarte, Amaia Lizarralde, Ane Zamora, Miren Manias, Mirari Echávarri, Ione Atenea, Olatz González, Mercedes Álvarez eta Izibene Oñederra.