argia.eus
INPRIMATU
Gizonen %44k uste du berdintasun-politikak “urrunegi” joan direla eta beraiek direla baztertuak
Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 16a
Emakumeen %67,2k uste du "oso handia edo nahiko handia" dela oraindik emakumeek jasaten duten diskriminazioa // Argazkia: Galiza Contrainfo (CC BY-NC-SA 2.0)

Espainiako CIS inkesta etxeak aurrera eramandako ikerketaren emaitzak plazaratu ditu astelehenean. Oraingoan, gizonen %44,1ek uste du berdintasun-politikak "urrunegi" iritsi direla, eta orain haiek direla baztertuak izaten ari direnak. Kontraesankorra dirudi datuak. Izan ere, aldi berean gizonen %48,2ak adierazi du emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak “oso handiak edo nahiko handiak” izaten jarraitzen dutela.

Pertzepzio hori, ordea, ezberdina da emakumeen eta gizonen artean. Emakumeen %67,2k uste du “oso handia edo nahiko handia” dela oraindik emakumeek jasaten duten diskriminazioa, baina kopuru hori hogei puntu jaitsi da galdera bera gizonezkoei egiterakoan. Inkestak azken hamarkadako bilakaerari buruz ere galdetzen du, eta herritarren %70,7k uste du desberdintasun horiek orain txikiagoak direla aurreko hamarkadetan baino. Hori bai, emakumeen %22,4k dio egoera “ez dela hainbeste aldatu”, eta desberdintasuna duela hamar urtekoaren antzekoa dela.

Gizonek diskriminazioarekin bukatzeko duten zereginari buruzko iritziak ere aldakorrak dira. Emakumeen %81,2k dio berdintasuna ez dela lortuko “gizonek ere emakumeen eskubideen alde borrokatzen ez badute”. Baieztapen hori ere gizonen %74,2k baieztatzen du.