argia.eus
INPRIMATU
Gizonek zientzia, emakumeek zaintza

Nerea Mayoz Itxaso 2021eko martxoaren 05a

Errua beti izan da emakumeona. Horrela dio Bibliak, eta horrela izaten jarraitu du historian.

"Zientzia" eta teknologiako (STEM) ikasketetako matrikulazioetan gehienak gizonezkoak izatearen kulpa ere geurea da; emakumeok ez dugu gizonek bezainbesteko interesik arlo horietan. Horrela diote inkestek, eta titularrek ere bai.

Bitxikeria bat: kakotxa arteko zientzia horretatik at geratzen dira, medikuntza, enfermeritza, farmazia eta abar; hau da, zaintzari lotutakoak. Horietan, antza denez, ez dago arazorik, matrikulazioaren portzentaje oso altua emakumeei baitagokie. Beste bitxikeria bat: zaintzari lotutako ikasketa hauetan matrikulatzen diren gizonezkoen portzentajea STEM arloetan matrikulatzen diren emakumezkoena baino askoz ere baxuagoa da. Aldea, gainera, oso nabarmena da. Baina badakigu, gauza batzuk ez dira sekula aldatzen. Gizonek zientzia egiten dute, eta emakumeek zaintza. Hemen norbaitek ipurdia mugitu behar badu, guk izan behar dugu.

"Bokazioetan neska eta mutilen arteko oreka lortzea izango balitz, gizonezkoei erizaintzarako eta halako ikasketetarako interesa sustatzea izango litzateke helburu nagusia. Hor dago lanketa egiteko benetako beharra"

Horretarako, guk ipurdia mugi dezagun, egiten dira hainbat kanpaina urtero. Emakume eta neska zientzialariaren eguna pasa berri dugu eta martxoaren 8a gainean daukagu. Ikastetxeek historiako hainbat emakume zientzialariren kartelekin apaindu dituzte paretak, eta geletan egun horietan aipamen berezia egiten diete. Ondo merezitako omenalditxoa, bai horixe! Garrantzitsua da ikasle guztiei jakinaraztea, zera, emakume batzuk ere gai izan direla zientzia egiteko. Hau da, gaitasuna badugula. Mezua garbia da. Norbaitek zalantzan jartzen badu, badaezpada. Guk noizbait hala jarri izan bagenu bezala.

Emakumeok badakigu zientzia egiteko ahalmena dugula. Eta ez zientzia bakarrik. Guk argi erakutsi dugu gizonak iritsi diren esparru guztietara iritsi gaitezkeela. Inork pentsatzen al du kontrakorik? Gizonak, ordea, iritsi al dira gure esparruetara? Mezua bi norantzetan zabaldu beharko litzateke.

Urteroko kanpaina horien benetako xedea bokazioetan neska eta mutilen arteko oreka lortzea izango balitz, gizonezkoei erizaintzarako eta halako ikasketetarako interesa sustatzea izango litzateke helburu nagusia. Hor dago lanketa egiteko benetako beharra. Has gaitezen lehen zulorik sakonena betetzen, eta gero saiatuko gara biak parekatzen. Azken finean, hori baita gizartean bertan gertatzen denaren isla, datorren martxoaren 8an lau haizetara eskatuko duguna, hain zuzen ere.

Gauzak, ordea, ez omen dira hain errazak, eta xedeak hain egiazkoak ere ez. Honetan ere, ez dirudi arazoa errotik helduko denik epe motzera behintzat. Eta arazoak errotik heldu behar izaten dira, bestela meza luzatzea besterik ez dugu lortzen. Kanpainak zoritxarrez ez ditugu aldatuko, baina irakasle, hezitzaile, orientatzaile eta gurasook hausnarketarako erabili behar genituzke. Batzuek oso argi ditugu gure xedeak.